Planeta bakarra

JOAN den larunbatean, apirilaren 22an, Ama Lurraren Munduko Eguna ospatu genuen. Egun horren harira, sentsibilizatzeko kanpainak egiten dira baina mezua ez dakit benetan endelegatzen den ala ez. Hauteskundetarako lehia bizian murgilduta dauden politikariek ere ospatu ote zuten?

Bada, egun berezia, inondik inora, gaur egun bizi ari garen eskrupulurik gabeko Antropozenoaren eragin deuseztatzailea kontuan hartzen baldin badugu.

Aurten Inbertitu gure planetan leloa izan da egun horren ardatza. Hala, Nazio Batuek gobernuak, enpresak eta herritar guztiak inplikatu nahi ditu ingurumena babesteko eta defendatzeko, errespetuzko politikak eta ingurumen-praktikak betez. Inbertsio horren asmoa, ahal den neurrian eta ahalegin kolektibo handiagoa bermatuz, datozen belaunaldientzako planeta berdeago bat uztea izango da.

Baina planeta eraso bortitza jasaten ari da alde askotatik, tartean, munduan dugun gainpopulazioak ekarriko dituen arazoak, kutsadura bolumen neurribakoa, biodibertsitatearen triskantza, kapitalismoaren axolagabekeria krudela, kontserbazioaren garrantziari buruzko kontzientzia falta, gero eta larriagoak diren lehorteak… Oraindik uste dugu gure mundua lehengai-iturri agortezina izan daitekeela, baina errealitatea bestelakoa da, eta ama lurra, ondorioz, zabortegi gaixotu bihurtu dugu, bertan diren elementu guztien arteko interdependentzia oinarrizkoari muzin eginez.

Bazter orotan pairatzen ari diren lehorte masiboek ez dute amaierarik. Euskal Herriraino heldu da arazo larria. Egunotan irakurri ahal izan dugu Nafarroako hego isurian erasotzen ari den sikatearen gaineko berria. Bertako laborariak biziki kezkaturik daude egoerarekin, eta argi dago datozen egunetan euri gehiago egiten ez badu bertan dituzten zereal uztak galdu egingo direla egarriturik.

Betiko legez, prezipitazioa gero eta eskasagoa da, eta tenperaturek gorako martxa hartu dute. Nazio Batuen Erakundeak kaleraturiko datuen arabera, azkeneko zortzi urteak inoiz erregistratu diren beroenak izan dira.

Ama lurra kalenturak jota dago.

Egilea Irati