Nafarroako Gobernuak MOVES III Planeko laguntzak hamabigarren aldiz eman ditu. Programa honen helburua ibilgailu elektrikoen erosketa eta kargatzeko puntuen instalazioa sustatzea da. Funtsak Next Generation EU programatik datoz, eta horietatik Foru Erkidegoak 5 milioi gehiago jaso ditu MOVES III Planerako. Kopuru horri 3,1 milioi euro gehitu behar zaizkio, ekonomiaren hainbat sektoretan energia berriztagarri termikoen instalazioak ezartzeko laguntza-programara bideratuko direnak.

Emakida berriak 371 espediente biltzen ditu, 1.319.788,67 euro guztira. Oraingoan 215 espediente onartu dira ibilgailu elektrikoak erosteko, 1.081.670 euroko zenbatekoarekin. Kargatzeko puntuen instalazioari dagokionez, 156 espediente onartu dira, 238.118,67 euro guztira.

Nafarroako Gobernuaren tramiteen atariko fitxaren bidez eska daitezke laguntzak, 2023ko abenduaren 31ra arte. Nafarroaren kasuan, dirulaguntza horiek zerga-kenkariari metatu ahal zaizkio, halako moldez non ibilgailu elektriko bat erosten duen partikular batek 7.000 euroko MOVES laguntza lor dezakeen, betiere errekuntza-auto bat erretiratzen badu, edo 4.500 eurokoa, txatatarramendurik ez badago. 5.000 biztanletik beherako udalerrietan bizi diren eskatzaileek % 10eko zuzeneko laguntza jasoko dute MOVESen. Laguntza horri % 35eko zerga-kenkaria gehitzen zaio.

Kargatzeko puntuen kasuan, partikularrentzako, langile autonomoentzako eta jarduerarik gabeko sektore publikoarentzako laguntzak % 70ekoak dira, eta 5.000 biztanletik beherako udalerrietan % 80ra igotzen dira. Gainera, % 20rainoko kenkari fiskala aplika daiteke. Enpresen kasuan, kargagailuak erosteko laguntza horiek % 35ekoak dira, enpresa handia bada; % 45ekoak, enpresa ertaina bada; eta % 55ekoak, eskatzailea enpresa txikia bada.