Irudiak

HILAREN 28ko hauteskundeak heldu dira, eta herriz herriko kalejira politikoak amaituko dira. Aurreko asteetan makina bat politikari ikusi dugu irribarrea ahoan, egingo dituzten ekimen sozialen zerrenda distiratsua kale eta plazetan zabaltzen, fan talde baten aurrean. Kasu askotan, lagun koadrila ikusten zen beste aldean, protokolo eta atrezzoak hala aginduta, argazkian hobeto gelditu dadin. Kasurik tristenean, kanpainan murgildutako hautagaiak taberna txiki batean kabituko lirateke, lagunak gonbidatuta ere. Edota euria eginez gero, herrietako jaietako sukalki egunean eguzkitik babesteko erabiltzen den sasi-dendatxo horren azpian ere baleudeke. Gutxi dira eta.

Gaur egun zabaltzen den irudiak sekulako garrantzia hartu du, eta normaltzat hartzen ditugu beren aurpegi garbiak, photoshop onlineko batean eginak, denboraren zimurrik gabekoak, begirada irribarretsuak ortodontzia garestiarekin, hurbiltasun higieniko eta aseptikoa zabaltzen dutenak, edo “dena zugatik emango dut” adierazten dutenak. Boto eskean ibiltzeko ohitura dutenen trikimailuak ere auzo-lotsa handikoak izaten dira batzuetan, eta hor doaz loreak –tiesto eta guzti– eskaintzen dituztenak, edota agureei eskua hartuta “eman botoa, eman botoa” esaten dutenak. Baina ez dute mitinetan pentsioei buruz hitz egingo, eta agian, ez dute jakingo agure hori Bilbotik Gasteizeraino oinez joango dela egunotan 1.080 euroko pentsio duina eskatzeko. Batzuk kamiseta egin berriekin agertuko dira argazkietan, hiriko izena gaizki idatzita dagoen arren, inolako lotsarik gabe, beste gezur bat esango balute bezala.

Egilea Irati