Nafarroako Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak abere lehiaketak antolatzeko laguntzen deialdia argitaratu du. Zenbatekoa 50.000 eurokoa da. Diru-laguntza honen xedea da erakusketak, enkanteak, lehiaketak, erakusktaldiak edo azokak egitea, abereen hautaketa eta bertako arrazen sustapena bultzatzeko.

Laguntza horiek eskuratu nahi dituzten abeltzaintzako ekitaldiak antolatzeko sektoreko entitateek ekainaren 29ra arte aurkeztu ahal izango dute eskabide bide telematikoen bidez, Nafarroako Gobernuaren web atarian prestatutako izapide fitxaren bidez.

Deialdiaren oinarriek jasotzen duten bezala, hainbat zenbateko emango dira antolatutako ekitaldiaren eta arraza protagonisten arabera. Horrela, erakusketa, enkante edo lehiaketaren kasuan, lehiaketa bakarra diruz lagunduko da urte eta arraza bakoitzeko, eta bertan 50 euro ordainduko dira buru bakoitzeko Jaca Navarra, Burguete eta Pottoka arrazako zaldientzat; 50 euro Pirinioetako, Betizuko eta Nafarroako Kastako abelgorrientzat; 20 euro Euskal Txerria arrazako txerrientzat eta 20 euro Latxa, Sasi Ardi edo Pirinioetako arrazako ahuntzentzat.

Tokiko jaiegun batean zehar egiten diren laginen antolaketari dagokionez, 20 euro emango zaizkio zaldiari eta behiari, 10 euro ardi eta ahuntzei eta 10 euro txerriei. Laguntzaren gehieneko zenbatekoa ez da 12.000 eurotik gorakoa izango. Ez dira diruz lagunduko merkataritza-helburu hutsarekin leku finko batean egiten diren merkatu edo azokak.