Galtzen jakin

Grafiko eta analisien itsaso sakonean murgildu nintzen aste honetan hemen hauteskundeez zerbait idatzi nahi bainuen. Ederrak dira gaur egun emaitzak kalez kale koloretan ematen dituzten infografia horiek. Hor nengoen entretenituta aztertzen zeinek irabazi duen auzoan, zeinek bizi izan nintzen kalean, zeinek lagun horren edo haren auzoan eta abar, erru sentimenduekin, une batez iruditu baitzitzaidan analisi sakon eta zentzuduna prestatu beharrean txutxu-mutxuen labirintoan galtzen ari nintzela. Bat-batean telefonoan Pedro Sánchez Espainiako presidentearen agerraldia agertu zen: hauteskunde orokorretarako deia egiten ari zen. Harritu nintzen hasieran, eta partikula-azeleragailu horietako batean nengoela pentsatu nuen, udal eta foru hauteskundeak atzean gelditzen ari ziren azkar, berria jadanik zahar. Geroago pentsatu nuen zein ondo dakiten batzuek galtzen, eta galtzen jakitea oso garrantzitsua dela.

Ez dakit galdu duten besteek, Elkarrekin-ek eta EAJk, hain ondo eramango duten galtzea, irabazle harroa bezain gorrotagarria baita galtzaile txarra. Sánchezen jokaldia ausarta da, eta arriskutsua. Orain politologoek esaten digute erabaki hori zela egokiena, estratega bikaina dela, baina batzuek ezin izan dituzte haserreak eta urduriak ezkutatu. Izan ere, Sánchezek ispilu asko ireki dizkie alderdiei, baita PSE, PSN eta sozialista guztiei ere, eta ispiluan islatzen dena agian lausoegia da, edo itsusia zuzenean. Nola jokatuko dute Nafarroako sozialistek? EH Bilduren abstentzioa bera ere pozoitsua izan daiteke. EAJ ez dago gustura, sozialistekin EAEn duten ituna ez da nahikoa zenbait lekutan eta PPren laguntza (zeharkakoa bada ere) pozoitsua ere izan daiteke. Prest al daude EAJ, PSE eta PP biribilketa alegera antolatzeko? Ménage à trois hori ez litzateke aurkezpen ona izango hurrengo hauteskunde kanpainan, baina, batek daki, ziklo aldaketa datorrela diote EH Bildu garailea lasai eta pozik dago, jakina: irabazteak hori dakar.

Espainiako eskuina eta eskuin-muturra beste baterako utziko ditut: barrena izan behar da horretaz idazteko.

Rikardo Arregi

Egilea Irati