Euskotren Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren sozietate publikoak urte amaiera arte jarraituko du tren-, tranbia- eta funikular-zerbitzuetan % 50eko deskontua aplikatzen. Hala, Eusko Jaurlaritzak, garraio-arloan eskumena duten gainerako erakundeekin koordinatuta, familien egoera ekonomikoa arintzeko lehentasunezko helburuetako bati eutsiko dio, eta, aldi berean, garraio publikoaren bidez mugikortasuna sustatzen eta bultzatzen du.

Ildo horretan, Euskotrenen tren-zerbitzuen eta tranbia-zerbitzuen erabiltzaileen eskaerak % 24,64ko hazkundea izan du 2023 urtarriletik apirilera bitartean. Aurreko urteko denbora tarte berean 10.408.936 bidai egin ziren eta aurten 12.974.376 bidai egin dira. Tarifen aldi baterako hobaria 2022ko irailaren 1etik aplikatzen da, orduan sartu baitzen indarrean neurri hau.

Garraio Sailak, era berean, EAEn garraio publikoen operadore guztiei hobarien aplikazioan laguntzeko indarrean duen % 10eko laguntza ekonomikoa zabaldu nahi du. Hori horrela, Ogasun Sailarekin elkarrizketan dihardu, laguntza hori 2023ko amaiera arte aplikatu ahal izateko.