Nafarroako Gobernuak 4,8 milioi euro bideratuko ditu Foru Administrazioak ekonomia- eta finantza-kudeaketarako eta langileen kudeaketarako erabiltzen dituen informazio-sistema zentralak eguneratzera. Horri esker, errendimendua hobetu ahal izango da, gaitasun berriak izango dira eta web sarbidea errazagoa, intuitiboagoa eta malguagoa izango da.

Nafarroako Gobernuak SAP plataformaren gainean ezarrita ditu bere informazio-sistema zentraletako batzuk, zehazki, ekonomia-, kontabilitate- eta aurrekontu-kudeaketarako sistema eta langileen kudeaketarako sistema. Horiei beste batzuk gehitu behar zaizkie, hala nola Toki Administrazioko Azpiegitura Planak kudeatzeko sistemak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren ospitaleko farmazia-biltegia eta informazioa hartzeko edo sartzeko SAPekin erlazionatzen diren beste batzuk. Laburbilduz, barneko milaka erabiltzaileri eta herritarrei eragiten dien zerbitzu multzo kritiko oso bat.

Gaur egun, kudeaketa-sistema horietarako SAP plataforma informatikoaren S/3 bertsioa instalatuta dago. Enpresa horrek sistema horien oinarri diren produktuak eboluzionatu ditu eta merkatuan S/4 HANA izeneko bertsio berriak ditu eskuragarri.

Aurreikusitako lanak
Zerbitzari-azpiegitura osoa berritu beharko da, SAPen eskakizunak betetzen dituzten zerbitzari berriak lizitatuz eta erosiz. Azpiegitura hori erosteko 698.014 euroko aurrekontua dago. Guztira, 240.000 euro erabiliko dira lizentzia berriak eskuratzeko eta dagoeneko eskuratutako lizentziak bihurtzeko; 350.000 euro, berriz, lehendik dauden lizentzien eta eskuratzen direnen mantentze-lanen gehikuntza ordaintzeko izango dira. Finantzaketaren zatirik handiena SAP S/4 HANAra migratzeko lan nagusiak izango dira eta 2.100.000 eurokoa izango da.