Nafarroako Gobernuak 2022ko Kontu Orokorrei buruzko Foru Lege Proiektua onartu du. Horren arabera, iaz aurrekontu bateratuaren % 93,12 gauzatu zen, 5.601 milioi euroko gastu errealarekin. Datuen arabera, 2022an, Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen hasierako aurrekontua 5.273,13 milioi eurokoa zen, eta, azkenean, hainbat aurrekontu-aldaketa egin eta gero, 6.014,24 milioira iritsi zen.

Biztanle bakoitzeko gastu publikoa 777 euro gehitu da termino absolutuetan; biztanleko gastu arruntak, berriz, %15,58 hazi dira. Era berean, biztanle bakoitzeko inbertsio-gastuak %28,97 gehitu dira kasu honetan. Horrez gain, kapituluei dagokienez, transferentzia arruntak 2.298,91 milioi eurokoak izan dira. Zenbatekoaren aldetik, garrantzitsuena Estatuari egindako ekarpena da, Hitzarmen Ekonomikotik eratorria; hau da, 882,69 milioi eurokoa.

Gastu soziala %6tik gora
Gastu sozialaren barnean sartzen dira gizarte-babeseko eta -sustapeneko jarduerak eta lehentasunezko ondasun publikoen ekoizpen-jarduerak, eta horien egikaritze-datuek erakusten dutenez, 2.957,9 milioi euro bideratu dira; hots, 2022an gauzatutako gastu osoaren %52,8. Beraz, %6,24ko igoera gertatu da, eta osasuna, hezkuntza eta kulturak osatu dute gastu handiena egin duen talde funtzionala. Zenbateko horien arabera, gauzatutako aurrekontuaren erdia baino gehiago honako hauen jardueretara bideratu da: osasuna, hezkuntza, kultura, gizarte-zerbitzuak eta gizarte-sustapenekoak, pentsioak, bestelako prestazio ekonomikoak, enpleguaren sustapena, etxebizitza eskuratzea eta eraikuntza sustatzea.

Next Generation funtsak
Joan zen ekitaldian gertatutako moduan, 2022ko kontuen ixteak Aurrekontuetan Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoa abian jartzetik eratorritako funtsak sartzea ere aurreikusten du, berreskuratzeko Next Generation EU salbuespenezko tresnaren barruan, hazkundearen aldeko berrikuntza eta inbertsio iraunkorrak egitearren.

Enpresa-mailako sektore publikoa
Bestalde, jakinarazi dira, baita ere, Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoaren (NEKP) kontuak, Nafarroako Gobernuko sozietate publikoen matrizearenak, eta 44,7 milioi euroko emaitza operatibo positiboa aurkeztu du –zerga, amortizazio eta diru-laguntzen aurreko jardueraren emaitza operatiboa (EBITDA)-; hots, 2021ean baino %23 gehiago.