Euskadiko Gobernu Kontseiluak Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Lege-proiektua onartu du. Nerea Melgosak azaldu duenez, etorkizuneko legeak lankidetzarako eta elkartasunerako euskal politikarako esparru juridiko berria ezarriko du, egun dauden erronka globalei modu eraginkorragoan aurre egiteko, “garapen-ikuskera bat eskainiz, pertsonak eta planeta erdigunean jarriz, haien aniztasuna kontuan hartuz”.  “Etorkizuneko lankidetza-lege berri honekin, Euskadin nazioarteko garapen-agendak bere gain hartzea nahi da. Konpromiso solidarioa indartu nahi dugu gure nortasun-ezaugarrietatik: Kalitatezko lankidetza deszentralizatua bultzatzen dugu, elkartasunean eta gizarte lankidetza publiko sendoan oinarritua”, adierazi du. 

Era berean, sailburuak azpimarratu du baliabide solidario posible guztiak ere mobilizatu nahi direla, erakunde-arkitektura berri bat finkatzen aurrera egiteko helburuarekin, lankidetzarako euskal eragileen arteko koherentzia eta erantzunkidetasuna hobetzeko. Hau horrela, Megosak nabarmendu du euskal sektore publiko osoari eta gainerako eragileei elkartasun-politikaren aldeko deia egiten diela Lege-proiektuak. Etorkizuneko legeak aplikazio-eremua euskal administrazio publikoaren hiru mailetara zabaltzen du, bakoitzaren eskumenak, autonomia eta autoantolaketa errespetatuz.