Euskal enpresarien % 56 baikorrak dira aurtengo fakturazioarekin

EAEko enpresaburuen % 56k uste du fakturazioa handitu egingo dela 2021ean, eta % 46k uste du EAEko ekonomiak hobera egingo duela ekitaldi honetan, KPMGk CEOErekin elkarlanean egindako Perspectivas España 2021: País Vasco txostenaren edizio berriaren emaitzetatik ondorioztatzen denez.

Perspectivas España KPMGk 2009tik egiten duen txostena da, eta azken bost urteetan CEOErekin lankidetzan egin da. Edizio honetan, 25 sektore eta erkidego guztietako 1.400 enpresari eta zuzendarik parte hartu dute.

Erantzunak online inkesta baten bidez jaso ziren, 2020ko azarotik 2021eko urtarrilera bitartean. Inkestatuen % 43 presidenteak, zuzendari nagusiak edo kontseilariak dira, eta % 49 zuzendariak. Bestalde, parte hartu duten konpainien % 34k 1.000 langile baino gehiago ditu, eta % 39k 200 milioi baino gehiago fakturatzen ditu urtean.

Txostenaren egileek adierazi dutenez, euskal ekonomiak, industria-sektorearen presentzia handia izanik, 2020 “zail” bati aurre egin behar izan dio, non hornidura-kateak “gelditu” egin diren, mugikortasunaren murrizketek ekoizpen-jarduerari eragin diote eta kontsumoak behera egin du. Hala ere, euskal enpresariak baikor agertu dira epe laburreko etorkizunari buruz.