Lehendakariak NEIKER Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundearen ekarpena nabarmendu du, “ezinbestekoa” izan baita Euskadiren garapen jasangarria bermatzeko. Arantxa Tapia sailburuarekin batera, Iñigo Urkullu Arkautiko zalditegien eraikinean izan da, Eusko Jaurlaritzari atxikitako zentro teknologiko horren 25. urteurrena ospatzeko ekitaldian. Zentro hori lehen sektoreak aurrera egiteko soluzio teknologikoetan espezializatuta dago.

Bere hitzaldian adierazi duenez, funtsezkoa da nekazaritzako elikagaien sektorea egungo krisi klimatikoaren ondorio kaltegarriei aurre egiteko sistema emankorrago, jasangarriago eta erresistenteagoetara aldatzea, elikadura izango baita, bere ustez, datozen hamarkadetan aurre egin beharko diegun erronka nagusietako bat.  “Funtsezkoa da sektorea soluzioaren parte izatea. Eta izaten ari da” -adierazi du-.

Aurrerapen nagusiak
Mikroalgen ordezko kultiboak dira Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide den NEIKERek bultzatutako aurrerapen nagusietako batzuk, nutrienteen etorkizuneko eskariei erantzuteko eta nekazaritzaren eta abeltzaintzaren jasangarritasuna bermatzeko edo abeltzaintzaren deskarbonizazioan laguntzeko behi-aziendaren metano-emisioak neurtzeko.

Gainera, beste berrikuntza batzuen artean, zentroak lan-ildo berri bat aurkeztu du. Lan-ildo horrek ardatz du mikroalgen kultiboek deskarbonizaziorako, zirkulartasunerako, ekosistemen babeserako eta jatorri fosileko produktuen ordezkapenerako duten potentzialtasuna.

Horretaz gain, hausnarkarien abeltzaintzaren jasangarritasuna errazteko sartutako azken baliabide teknologikoa erakutsi da. “Green Feed” izeneko ekipamendua da. Ekipamendu horrek aukera ematen du behien metano-emisioak neurtzeko eta, horrela, elikadura, hautaketa genetikoa eta maneiua behien metano-emisioak murrizteko fruituak ematen ari diren egiaztatzeko.