Eusko Jaurlaritzak 120 milioi euro baino gehiago baimendu ditu enpresentzako laguntza-programak bultzatzeko, lehiakortasuna hobetzeko eta garapen ekonomiko iraunkorragoa sustatzeko helburuarekin. Laguntzen artean nabarmentzekoak dira industria deskarbonizatzeko programa; HAZITEK laguntza-programa; arrantza- eta akuikultura-sektorerako laguntzak eta EAEko landa-eremuak sustatzeko eta garatzeko laguntzak.
Hortaz, industria-produktu eta -prozesuei lotutako industria-enpresei eta zerbitzu-enpresei laguntzeko programa onartu du, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea ahalbidetuko duten instalazio produktibo berri eta/edo lehendik daudenetan inbertsioak sustatzeko. Horretara, hamar milioi euro bideratuko dira. Laguntza-programa horrek inbertsio-erabakiak aurreratzea eta euskal industriari laguntzea ahalbidetuko du, klima-neutraltasuneranzko trantsizio-testuinguru europar eta global batean lehiakorra izaten jarrai dezan.
Gainera, Gobernu Kontseiluak 93.428.572 euroko gastua onartu du Hazitek laguntza programa finantzatzeko. Deialdiaren zenbateko osotik 43.428.572 euro bideratuko dira proiektu lehiakorrak finantzatzeko eta 50.000.000 euro proiektu estrategikoak finantzatzeko.
Arrantza- eta akuikultura-sektorearentzako laguntzak onartu dira ere. 2023ko deialdiak 16,8 milioi euroko aurrekontu-zuzkidura du, Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsak kofinantzatuta. Agindu honen bidez egiturazko Europako funtsen 2023-2029 programazio-aldi berria hasten da, Euskadiko arrantza- eta akuikultura-sektorearen garapen jasangarrirako.
Eta bukatzeko, landa eremuetako sustapen eta garapenera bideratutako laguntzak deitzen diren EREIN programa onartu da. Laguntza horiek erakunde publikoei zuzenduta daude eta xedea da landa eremuetako biztanleen bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten azpiegiturak eta ekipamenduak eskaintzea, herriak berreskuratzea, enplegua sortzea eta turismoa sustatzea Euskadiko landa eremuetan, nahiz zaurgarritasun maila handiagoko Arreta Bereziko Eremuetan. Programa honen bidez 2017az geroztik 32 milioi euro inguru bideratu dira inbertsio publikoak finantzatzera landa eremuetan bizi-kalitatea hobetzeko azpiegiturak edo zerbitzuak sortu, hobetu edo hedatu daitezen. Iaz 36 proiektu lagundu ziren diruz.