Nafarroako Gobernuak, Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren bitartez, 3,3 milioi euro bideratuko ditu 2023-2024 ikasturtean unibertsitate-ikasketetarako beken deialdi orokorrera. Deialdiaren oinarriek zehazten dute bekek kontzeptu hauek estaliko dituztela: matrikula, egoitza, garraioa, jantokia, espediente akademikoa, premia ekonomiko larriak dituzten familia-unitateentzako aparteko laguntzak eta digitalizaziorako laguntza.
Ikasturte honetan, berrikuntza gisa, % 30 inguruko igoera sartzen da egoitza-laguntzarako errenta-muga guztietan, eta horrek 340 eta 660 euro arteko onura gehigarria dakar aurreko deialdiekin alderatuta, ikasturtean zehar familia-bizilekutik kanpo bizi behar duten 650 ikasle ingururi mesede eginez.
Era berean, deialdi honek digitalizaziorako laguntzari eusten dio hirugarren urtez, irakaskuntza eta ikaskuntza digitaleko metodologietara egokitzeak dakartzan gastuetan laguntzeko helburuarekin. Zehazki, laguntza hori 200 eurokoa da unibertsitateko lehen mailan lehen aldiz matrikulatu eta errentaren 1. mugan daudenentzat.