2023 urteari begira ardoaren sektorerako ezohiko laguntzak onetsi ditu Eusko Jaurlaritzak, JDK Errioxak babestutako mahastizainei laguntzeko Ukrainako gerratik eratorritako enpresa etekinean izandako kalteengatik.
Errusiak Ukraina inbaditzean eragindako ezegonkortasun komertzialaren ondorioz, Euskadiko mahastizaintzaren eta ardogintzaren merkatuko esportazioak murriztu egin dira, eta, horrenbestez, upategietako ardo stockaren zati handia ezin da merkaturatu. Egoera hori dela eta, JDK Errioxak bi neurri abiarazi ditu 2023 kanpainarako: % 10 jaitsi bildutako mahats gorriaren errendimendu onargarrien muga eta uzta berdea sustatzea Espainiako Mahastizaintzaren eta Ardogintzaren Sektorea Laguntzeko Programaren (PASVE) baitan.
Eusko Jaurlaritzak 7,3 milioi euro emango ditu itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bidez Araban mahastizaintzan aritzen direnen diru sarreren galera arintzeko JDK Errioxak sustatutako neurriei eta horiei lotutako kostu gehigarriei aurre egiteko, bai eta eskaria eta eskaintza erregulatzeko ere, era horretan Euskadiko mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorea berriro orekatu ahal izateko.
Ezohiko neurri horren bidez laguntza bikoitza eman nahi da: alde batetik, JDK Errioxak babestutako mahats gorriko ustiategietan etekin ekonomikoaren galera konpentsatzeko 4 milioi euro emango dira; eta, bestetik, kanpaina honetan errendimendu txikiagoa aplikatzen dutenen galera ekonomikoak eta kostu gehigarriak arintzeko 3,3 milioi euro emango dira. Onuradun batek bi laguntza ildoak eska ditzake.