Berdintasunaren eta Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzen aldeko Itunaren barruan kokatzen den jarduerak emakumeen eta nesken ahalduntzea eta eraldaketa digitala ditu ardatz aurten.

Urriaren 23an eta 24an, Donostiako Miramar Jauregian, “Berdintasuna, Zientzia eta Teknologia paradigma aldaketa baten alde” Nazioarteko Kongresua egingo da. Iñigo Urkullu lehendakariak inauguratuko duen kongresu honek nazioarteko adituak bilduko ditu zientziaren eta teknologiaren eremuan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sistematikoki txertatzeko dauden genero-desberdintasunak eta arrakalak eta beharrezko eraldaketak jorratzeko. Ikerketa zentroetako ordezkariek osatutako batzorde zientifiko batek garatu du programaren diseinua, CFM, CIC, nanoGUNE, CIC biomaGUNE, POLYMAT, Achucarro, Elhuyar, UPV/EHU eta Deusto, eta Ikerbasque, Emakunderekin eskuz esku lanean.

Kongresua Berdinaldia Berdintasunaren eta indarkeria ma-txistarik gabeko bizitzaren aldeko Herri Itunaren barruan kokatzen da. Ituna 2022ko ekainean aurkeztu zen, eta aurten bi konpromisotan jarri du arreta: “Emakumeen eta nesken ahalduntzea” eta “Eraldaketa digitala”. Paradigma aldatu behar da eremu horretan, 2030eko Agenda eta Garapen Jasangarriko Helburuak egia bihurtu ahal izateko.

Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak azpimarratu duenez, zientziaren eta teknologiaren eremuan dagoen genero-arrakala ez da mugatzen soilik emakumeek eremu horretan duten presentzia eta ikusgarritasun txikiagora, baizik eta baita zientziaren ikuskera androzentrikora ere, eta, beraz, paradigma-aldaketa bat behar da berdintasuna modu sistemikoan txertatzeko.

Helburuak

Kongresuaren helburuen artean honako hauek egongo dira: arau-esparrua, politika publikoak eta zientziaren eta teknologiaren erronkak berdintasunaren ikus­pegitik aztertzea; inplikatutako erakundeen jardunean genero-ikuspegia txertatzeko tresna zehatzak ematea; emakumeek zientzian eta teknologian duten bokazio zientifikoaren aintzatespena sustatzea, bai eta emakumeentzako berdintasunezko eraldaketa digi­tala, inklusiboa, segurua eta esku­ragarria ere; nagusi den masku­linitate-ereduak bikaintasun zien­tifikoaren nozioan duen eragina jorratzea, bai eta mutilek eta gizonek eremu horretan berdin­tasunaren aldeko aldake­tarako funtsezko eragile gisa duten zeregina ere; eta esku hartzen duten eragile guztien konpromisoa bilatzen duten etorkizunerako proposamenak egitea.

Horren adibide, Ikertzaileei buruzko CSICen azken txostenaren arabera, doktoratu aurreko ikerketa-etapan, gizonak % 48,6 dira, eta emakumeak % 51,4, baina euren karreretan aurrera egin ahala, kategoria altuenean, gizonak % 73,8 dira, eta emakumeak, berriz, % 26,2. Eredu hori bera errepikatzen da Zientziari buruzko Euskadiko 2022 Txostenean. Bertan ikusten da emakume gehiago daudela karrera zientifikoen hasieran, baina kopuru horrek behera egiten du kategorietan aurrera egin ahala. Horren ondorioz, maila zientifiko berean denbora gehiago egotean eta gu­txiago sustatzean, ordainsari ekonomiko txikiagoa jasotzen dute, eta, beraz, soldata-arraila larriagotu egiten da.

Egilea Andoni Beitia