Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren urriko balantzea egitean, ikus daiteke ia ez duela aldaketarik izan irailarekin alderatuz gero. Inbertsioak izan du hazkunderik handiena. Zehazki, Ekonomia eta Ogasun Sailak egindako Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren termometroak 88,4 puntu lortu zituen urrian, aurreko hilean baino hamarren bat gehiago. Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiak, beraz, eutsi egiten dio eta hazkunde moteleko eremuan jarraitzen du, oraindik ere 100 punturen azpitik baitago.

Balantze horretan inbertsioa nabarmentzen den arren, ez da gauza bera gertatzen kontsumo pribatuaren eta publikoaren gastuarekin, agortze-zantzuak erakutsi baititu. Eskaintzaren aldetik, industriak azken hilabeteetako joera negatiboa irauli duen arren, espektatibak neurritsuak dira oraindik. Zerbitzu-sektoreak hazkunde-tasa sendoetan jarraitzen du eta zertxobait hobera egin du; horrela, enpleguaren hazkundeari jarraipena ematen laguntzen du.

Termometroak islatzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiak ez dio ihes egin Europako ekonomiek bizi duten dezelerazio-prozesuari. Egia da konposizioan aldaketa batzuk gertatzen ari direla kanpoko eskaria ahultzeko espektatibaren ondorioz; alabaina, espero da ondorio hori kontsumoaren eta inbertsioaren bultzadarekin konpentsatzea.

Joan den martxoan (98,2) Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia duela bi urtetatik hona lehen aldiz sartu zen hazkunde moteleko eremuan. Irailean islatutako balioarekin (88,3), Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia maiatzaren pareko balioetara itzuli zen (87,7). Eta urrian maila hori finkatu egin da (88,4).

Termometroa hilero lantzen da euskal ekonomiaren 100 adierazle baino gehiagotan oinarrituta, eta hil bakoitzeko lehen egunetan ematen da argitara.

Egilea Admin