Izotza

Etxe aurreko belardi zabala izotzak zurituta ikusi dut gaur goizean, lehendabiziko aldia udazken-negu honetan. Hiri batean bizi naiz, Gasteizen, eta ziur nago inguratzen gaituen lautadan behin baino gehiagotan agertu direla zuri zelai-larreak. Izan ere, ez da izan lehen izoztea Gasteizen, balkoiko landareek ondo baino hobeto dakite, baina gaur goizeko zuritasunak harritu nau, iruditu baitzait beranduegi etorri dela aurten. Eskerrak ez nuela Eguberri goizean ikusi, “White Christmas” gabon-kanta ospetsuari gorrotoa baitiot zuri supremazista estatubatuarren artean gogokoena bilakatu dela jakin dudanetik.

Malenkoniatsu jarri naiz zuriari begira, eta aurten hemen idatzi ditudan zutabeen errepasoari ekin diot. Pasa den abendukoak irakurri ditut arreta handiagoz, azken-azkena irakurtzean amorru uhin batek bete nau guztiz, urte berriak gerra berriak ekarriko zizkigula iragartzen bainuen. Eta hala izan da: Ukrainako gerra amaitu gabe, 2023. urteak Gazako gerra oparitu digu. Asmo onez eta magian sinetsita, idatz nezakeen orain datorren urteak bi gerra horien amaiera ekarriko digula, baina ez dut uste; bukatzen badira ere, gaizki bukatuko dira, gerrak horrelakoak dira.