Esperimentu hilgarria

JOAN den ostegunean, Estatu Batuetan, Alabaman, Eugene Smith exekutatu zuten, 1988an emakume bat hiltzeagatik zigortua. Eta ez da saiatzen diren lehen aldia ze 2022an injekzio hilgarri bidez egin nahi izan zuten, baina hutsegin zuen. Handik urtebetera exekuzio gelara itzuli zen berriro, oraingoan nitrógeno-hipoxiak jota hiltzeko, hau da, ito egin zuten. Exekuzio modu hau –gorputzari oxigenoa kentzen nitrogeno purua arnasteaz– Europar Komisioaren eta NBEren Giza Eskubideetarako Goi Komisariotzaren iritziaz, hurrenez hurren, zigor bereziki krudeltzat jotzen da eta tortura edo tratu anker eta umiliagarria izan daiteke. Eta hala izan zen: aurpegiaren beheko erdia ezkutatzen zion maskara batekin, 15 minutuko agoniaren ondoren hil zen Smith, azkenezko estertore amaigabeen artean. Hona hemen datu batzuk: AEBko Albaitarien Elkarteak sedazioa gomendatzen du animaliak hil behar direnean metodo honen bidez, baina Alabaman indarrean dagoen exekuzio-protokoloak ez du aurreikusten ere; Auzitegi Gorenak 1976an heriotza-zigorra berrezarri zuenetik, 1583 kondenatu exekutatu dituzte Ipar Ameriketan, 73 Alabaman; injekzio hilgarriaren erabilea 1982an sartu zen; 1377 preso hiltzeko erabili den metodo hau gehien hutsegiten duenatzat hartzen da; Alabamak orain dioenez, nitrogeno-hipoxia inoiz asmatu den exekuzio-modurik gizatiarrena da; baina egia beste bat da: injekzio hilgarriak eskatzen dituen farmakoak eskuratzea oso zaila bihurtu da, botika-industria helburu horretarako erabiltzearen aurka baitago; beraz, horra hor apostu berria. Zelako erabateko higuina sortarazten didan hau denak…

Heriotza-zigor ororen aurka aurrez aurre gaudenok –lege baten babesean edo legea galbideratuz estatuek betearazten dutena, terroristek gauzatzen dutena, gerratan naturaltzat jotzen dena zibilak erahilduz– ez dugu barkamenik eskatu behar, are gutxiago eskatzen digun edozeinen aurrean gure buruari justifikatzea. Defendatzen dutenek ere ez, baina haren argudioak inolako justifikaziorik ez dutelako. Sinpleki.

Egilea Admin