Gerra-hotsak

MACRON presidente frantsesak adierazi zuenean ez dela baztertu behar mendebaldeko soldaduak Ukrainara bidaltzearen aukera, askok zorotzat jo zuten. OTANeko buruzagiek eta Europako agintariek berehala esan ziguten ideia hori ez zegoela mahai gainean, inola ere ez, eta zabaldu zen Macronek beroaldi batean, bere kabuz eta inorekin kontsultatu gabe atera zuela gaia; badakizue, frantsesak beti haien buruak nabarmendu nahian eta abar. Ni, baina, urduri jartzen hasi nintzen.

Macronen harrikada izan zen soldaduak bidaltzearena edo Macroni eman dioten gidoiaren zatia da hau guzti hau? Hasi zuk, gero guk gezurtatuko dizugu, baina hasi hazia ereiten. Egia esan, hedabideetan gero eta gehiagotan agertzen ari da ideia hau: gerra hedatu ahal dela. Von der Leyen andrea izan zen Macroni kontra (kontra edo) egin zionetako bat: gerra arriskua ez dago hurbil, baina ez da ezinezkoa, eta Europako estatuek armadak gaurkotu eta berritu behar dituzte. Europar Batasuneko beste komisario batek, Thierry Breton jaunak, adierazi zuen defentsa paradigma aldatu behar dela, eta gerra-ekonomia baterako prestatu. Horrek, jakina, aurrekontu militarrak handitu eta arma gehiago ekoiztea dakar; hedabideetan “gastu militarra” beharrean “defentsarako inbertsioa” erabiltzen ari dira. Zeri kenduko diote orduan dirua? Badirudi Ukrainara ez dela iristen mendebaldeko aliatuek agindu zioten arma kopuru nahikoa, eta Estatu Batuetan arazo politikoak egon daitezkeen arren, arma horiek guztiak ekoizteko zailtasunak omen daude. Eta arma guzti-guztiak eskuratuta ere, Ukrainakoak berdin-berdin segitzen badu?

Kremlinek berehala erantzun zion Macroni: mendebaldeko soldaduak Ukrainan sartzen badira, Errusiaren eta OTANen arteko gerra saihetsezina izango da. Gerra, jakina, Europako lurretan izango litzateke, ez Estatu Batuetakoetan.

Seinale horiekin guztiekin urduriago jartzen ari naiz. Ematen du zerbaitetarako prestatu nahi gaituztela apurka-apurka. Putin Txerren bera dela behin eta berriro errepikatuz kontsola gaitezke, baina horrela ez da ezer konpontzen.

Egilea Admin