Euskadiko industriaren jarduera urte arteko % 1 jaitsi zen otsailean

Eustaten datuen arabera, EAEko industri produkzioa, otsailean, aurreko urteko hil berean izandakoa baino % 1 txikiagoa izan da lan-egutegiko baldintza homogeneoetan, eta azken hilabetean, berriz, % 0,3 jaitsi da, urtaro-ondorio egokiak zuzendu ondoren.

Ondasunen helburu ekonomikoaren arabera, energiaren produkzioa % 8,6 igo da 2024ko otsailean, aurreko urteko hil beraren aldean. Sektore honetan sartzen dira energia elektrikoaren ekoizpena eta hornidura eta petrolioa fintzea.

Ibilgailu motordunen fabrikazioa, tren-makinen eta trenbide-materialen eraikuntza eta aeronautika edo ontzigintza barne hartzen dituzten ekipo-ondasunen produkzioa % 2,9 igo da, aurreko urteko otsailaren aldean.

Kontsumo-ondasunek ere urte arteko portaera positiboa izan zuten 2024ko otsailean, produkzioa % 1,4 hazi baitzen sektore osoan.

Igoera hori kontsumo-ondasun ez-iraunkorren portaerak eragin du; izan ere, elikagaiak prozesatzeko eta kontserbatzeko jarduerak, garbiketarako eta higienerako produktuen fabrikazioa, produktu farmazeutikoak eta jantziak egiteko jarduerak daude bertan, % 4,8ko igoera izan baitute.

Kontsumo-ondasun iraunkorren produkzioa, aldiz, % 12,4 jaitsi da. Azken horien artean altzarien eta etxeko tresnen fabrikazioa jasotzen da, besteak beste.

Bitarteko ondasunetan, metalurgia eta metalezko produktuen fabrikazioa, industria kimikoa eta kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioa barne, produkzioaren urte arteko % 0,3ko jaitsiera izan da.

Maila bereiziagoan, Euskadiko industrian pisu handiena duten sektoreen artean, otsailean urte artean produkzioaren igoera izan dutenak ondokoak izan dira: Makineria eta ekipoa ( % 2,0), Elikagaien, edarien eta tabakoaren industriak ( % 1,2) eta Metalurgia eta metalezko produktuak ( % 0,2).

Aitzitik, urte arteko jaitsierarik handienak Material eta ekipo elektrikoa ( % 8,7) eta Zura, papera eta arte grafikoak ( % 3,7) sektoreetan izan dira.

Industri Produkzioaren Indizearen urte arteko bilakaera, 2024ko otsailean, negatiboa izan da hiru lurralde historikoetan. Araban produkzioa % 3,4 jaitsi da, eta Bizkaian eta Gipuzkoan % 0,2. 

Balantze metatua

Urteko lehen bi hilabeteetako metatuan, Industri produkzioaren indizea % 0,4 jaitsi da, Bitarteko ondasunen % 1,5eko jaitsierak bultzatuta.

Energiak, aldiz, bilakaera positiboa metatu du, % 8,8ko igoerarekin aurreko urteko aldi metatu beraren aldean; ekipamenduko ondasunetan, berriz, % 2,4 igo da otsailera arte metatutako produkzioa, eta % 0,9 kontsumo-ondasunetan.

Lurralde historikoen arabera, 2024ko lehen bi hilabeteetako metatua balantze negatiboarekin itxi da Araban, % 3,3ko jaitsierarekin. Gipuzkoan produkzioa % 0,7 jaitsi da eta Bizkaian, azkenik, produkzioa % 1,7 igo da, aurreko urteko aldi metatu beraren aldean.  

Egilea Admin