Emakume ahaldunduak
Askotan salatu dugu emakumearen figura, euskal literaturan, amaren rolari lotuta agertu izana. Edota pinturan nola erakutsi izan zaigun, beti, emakumearen irudi abaildua; lanak, amatasunak, etxearen zamak edo alargun gelditu izanak menperatutako emakumearen bisaia apal eta argi gabea. Gaur badakigu, ordea, euskal emakumeak askotarikoak direla. Eta, horien artean, badira ederrak direnak ere, bai aurpegiz zein gorputzez. Azpeitiko garbitzailearen estatuaren egileari marra gorria pasatu izana aurpegiratu diote. Emakume ederregia irudikatu omen du. Eta udalak artistaren opariari uko egin dio. Ez zaio politikoki zuzena iruditu. Titiak goregi, akaso?
Emakume ahaldunduak, indartsuak eta anitzak erakutsi behar genituelakoan nengoen. Gutxien espero nuena zen artista baten lana zentsuratzen dela ikustea, euskal emakumearen gorputzaren irudi bat inposatu nahi zaigulako. Azpeitiko eskultura ez dela egokia erabakitzeko, norbaitek interpretatu behar izan baitu zer nolakoa behar duen emakumezkoaren gorputz eredugarriak.
Azpeitiko garbitzailearen gorputza ederra da, bai. Eta gaztea. Eta indartsua. Eta lanari aurre egiten diona. Nik atributu horiek ikusi dizkiot.
Eta haserretu egin nau udalak artistaren obra arbuiatu duela jakiteak, batetik, edertasuna ez delako zentsuragarri. Eta, bestetik, nire aitaren familian egon direlako emakume ederrak, Azpeitiko emakumearen antzekoak, beren bizitza guztia beren burua tapatzen pasatu zutenak, beti, emakume inbidiatien destainen edota gizonezkoen begirada lizunen beldur. Emakume ederrak izan ziren, gazteak, indartsuak, eta lanari aurre egiten jakin zutenak. Dozena erditik gora ume munduratu zituztenak, eta jai-egunetan, ezpainak bakarrik gorrituta ere, zineko artistak ematen zutenak.
Bai, horiek ere euskal emakumeak izan dira. Eta gaur ere badira emakume ederrak gure inguruan. Utz dezagun bada, behingoz, euskal emakumeak zer rol eta zer itxura izan behar duen esateari. Emakumeari zer erakutsi ahal duen eta zer ez epaitzeari. Eta emakume ahaldunduaren irudi bakar bat emateari.