Erramun Osa

EgileaAdmin

Mai 23, 2024

Aniztasuna eta lankidetza ardatz

Hurbilen ezagutzen dugun kontinentearen historiari begiratua emanez gero, ohartuko gara mendeetan, estatuen bilakaera, mugak zein eragin eremuak oso aldakorrak izan direla eta eboluzio hau ez dela inoiz bake bideak tarteko bideratu. Horiek horrela, pasa den mendean, Europa eta Europako potentzia nagusien interesak izan ziren bi mundu gerren ernamuin, sekulako triskantza eragin eta milioika pertsonaren bizitza galarazi zutenak; gehitu horri zauritutako pertsonen alimaleko kopurua, gehien-gehienak zibilak zirela, hildakoak baino askozaz gehiago… Bi mundu gerra horiek munduko estatu askoren mugak aldarazi zituzten, batzuk desagertzera kondenatu, sakabanatu eta estatu gehiagoren sorrera bultzatu. II. Mundu Gerraren ostean hartutako zenbait erabakik arazo iturri izaten segitzen dute oraindik, horietako bat Palestina zatitzeak sorrarazitako aferak.

Nolanahi ere, II. Mundu Gerraren ostean, aurrez aurre egon ziren Europako estatu nagusien artean, ekonomiaren eremuan egituraturiko aliantzak, gerora, Europar Batasunaren sorrera ekarri zuen. Batasun horrek ahalbidetu du Europak bakealdirik luzeena izatea, nahiz eta aldi horretan, bestelako gatazkak ere suertatu diren, esaterako Jugoslaviaren zatiketaren ondoren, Georgian, Ukrainan eta abar. Halakoetan, behin baino gehiagotan, Europan, zaila izan da irizpide bateratuekin jokatzea, besteak beste, Europako estatu batzuek historian zehar lurralde batzuekiko izan dituzten loturak direla eta.

Egilea Admin