Lehen sektoreak mobilizazioei ekin die berriro, Europako hauteskundeen azken txanpan. Duela hilabete batzuetan sortutako plataforma independenteek merkantzien zirkulazioa errepideetatik blokeatzeko asmoa dute astelehen honetako 10:00etatik aurrera, eta kamioien zirkulazioa moztuko dute Estatuko zortzi mugetatik, besteak beste, Biriatutik. Mobilizazioak 24 orduz iraungo du, astearteko 10:00ak arte, baina deialdia egin duten taldeek ez dute baztertzen mugagabe bihurtzea.
Aldarrikapenak
Ekimenarekin bat egin duten nekazarien elkarteak EAEkoak eta Nafarroakoak dira. Horien artean, Ataca, Bagea eta 6F plataforma daude.
Igande honetan 35 traktore atera ziren Arabatik protestarekin bat egiteko, Ataca Araba eta Trebiño ordezkatzen dituen taldearen arabera. Inportatutako produktuak gehiago kontrolatzea, tokiko ekoizpenak lehenestea eta elikagaiak ekoizteko murrizketa fiskalak eskatzen dituzte, besteak beste. Gainera, elikadura-kateari buruzko araudiak hobetzea eta tokiko produktuen lehentasunari buruzko Europako lege bat aplikatzea eskatzen dute.
Trafikoari eraginak
Trafikoari kalte handiak egitea espero da. Hori dela eta, Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak mota guztietako ibilgailuei gomendatu die ez daitezela mugaldera joan, ez A-8 autobidetik, ez beste bide batzuetatik, kolapsatu ez daitezen. Ertzaintzak eta Bidegivigileko langileek segurtasun-neurriak hartuko dituzte zirkulazioari ahalik eta kalte gutxien egiteko.