Friki konnotazioa

Gazte Euskaltzaleen Sareko kide den Oier Errementeriak (Barrika, 2003), Gasteizen “Harrotu, errotu, saretu” lelopean antolatu duten Gazte Euskaltzaleen Sarearen bigarren topaketari buruzko jakingarriak eman dizkigu.

Gazteen artean, euskararena oso borroka indibiduala dela argitu digu. Euskalduna, oro har, edozein delarik ere adina, askotan sentitzen dela bakarrik baina sentipen hori, gazteen kasuan, biderkatu egiten dela. Gaztea etengabe ari dela bere burua eraberritzen eta euskara prozesu horretan sartzea oso zaila dela. Oierren esanetan, Gazte Euskaltzaleen Sareak, nagusiki, sozialki dauden trabak landu nahi ditu eta, batez ere, euskaldunok ditugun konplexuak. Gakoa harrotasuna lantzea dela azpimarratu du. Horregatik deitu dutela mugimendu berriaren dinamika “Harrotu, errotu, saretu”. Beharrezkoa delako gazteak euskaltzale izateaz harro sentitu daitezen. Finean, ez dutelako nahi euskaltzale izateak “beti daukan friki konnotazioa” edukitzea. Kontxo! pentsatu dut. Euskaltzaleok, orain, frikiak omen!

Euskaltzaleoi modu askotara deitu izan digute baina, artean, frikiarena entzun gabe nuen. Ameriketako Estatu Batuetatik dator adiera. Freak hitza anomalia fisikoren bat izateagatik bereizten ziren pertsonak izendatzeko erabiltzen zen (emakume bizardunak, gizon elefanteak edo garaiera handi edo txikiko pertsonak) eta zirkuetan erakusten ziren 1840 eta 1970 hamarkada bitartean. 2000. hamarkadaren erdialdean sartu zen terminoa Espainian eta portaera bitxia zuten pertsonei deitzeko erabiltzen zen. Gaur egun, gai jakin batekin muturreko obsesioa edo obsesio arraro bat duten pertsonak deitzeko erabiltzen da. Espainiko Errege Akademiaren arabera, neurriz kanpo eta obsesiboki zaletasun bat praktikatzen duten pertsonak dira frikiak.

Momentu batez, zirku ibiltarietako karpapean ikusi ditut euskaldunak, kaioletan sartuta, munduaren begietara anomalo. Baina, gero, argazkia positiboan jartzen saiatu naiz. Eta euskaradromoak ikusi ditut, jendez mukuru, beren zaletasuna obsesiboki praktikatzen. Gimnasioak ziruditen. Euskararen kamiseta bustitzeko lekuak.