Nafarroako Gobernuak eta Europako Batzordeak Europako funtsen 46 milioi euro iritsi diren aztertu dute

Nafarroako Gobernuko, Espainiako estatuko eta Europako Batzordeko arduradunak bildu dira Nafarroako 2021-2027 aldirako Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren Programaren hirugarren jarraipen-batzordean. Datozen urteetan 46.255.125 euro iritsiko dira.

Iruñeko Katedrala hotelean izan da jardunaldia, eta Iñigo Arruti Enpresa Sustapeneko zuzendari nagusia eta Esperanza Samblás Ogasun Ministerioko Europako Funtsen zuzendari nagusia izan dira buru. Europako Batzordeko EGEF programaren arduradunek, Ogasun Ministerioak, programan sartutako jarduerak kudeatzen dituzten Nafarroako Gobernuko departamentuetako arduradunek eta, besteak beste, Nafarroako Foru Komunitateko solaskide ekonomiko eta sozialetako ordezkariek ere parte hartu dute.

Batzordeak programa abian jartzeko eta gauzatzeko egindako aurrerapenei heldu die. Programa horren ardatz nagusiak honako hauek dira: enpresentzako laguntzak, I+G+b proiektuak gara ditzaten; Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren digitalizazio eta modernizazio teknologikoa; eraikin, azpiegitura publiko eta etxebizitzetan energia-efizientzia hobetzea; eta ingurumena babesteko laguntzak.

Programaren 46.255.125 euroko laguntza EBren bost helburu politikoetatik bitan biltzen da. Aurrekontuaren % 68,7 OP1ari dagokio: Europa lehiakorragoa eta adimentsuagoa, eta beste % 30 OP2ari: Europa berdeagoa.

EGEF funtsekin batera finantzatutako proiektua bisitatzea
Batzordeak Txantreako bero-zentralera eta banaketa-sarera bisita eginez itxi zuen jardunaldia. Nafarroa 2014-2020 EGEF funtsekin finantzatutako proiektua da, eta Europako Batzordeko eta Ogasun Ministerioko ordezkariek bertatik bertara ezagutu dute proiektua gauzatzen. Proiektu hau Estatu eta Europa mailan erreferentziazko bero-zentral bat eraikitzean datza, batez ere hurbileko baso-biomasaren erabileraren aldeko apustu berritzailea egin duelako. Berokuntzako gaur egungo galdara komunitarioen ordez ur beroaren ekoizpen zentralizatua jartzeak urtean 7.000 tona CO2 gutxiago isurtzea ahalbidetzen du, hau da, gaur egun baino % 80 gutxiago. Instalazioak modu zentralizatuan produzituko du ur beroa, auzoko etxebizitzetako berokuntza-eskaerari eta ur beroari erantzuteko; 4.500 inguru, hain zuzen ere. Gainera, zentralak inguruko eraikin publikoen beharrei erantzun ahal izango die.