ANA URKIZA

EgileaAdmin

Uzt 9, 2024

Basque Country trainerua

Hiru dozena emakume. Ia-ia, hiru traineru betetzeko adina. Hiru dozena emakume aritu dira Ondarroan, azken urtean, traineru bat eskuratu eta Artibai ibaian gora eta behera, uztailerako entrenatzen.

Eta pasa den asteburu honetan izan da balentriaren tenorea. Larunbatean, goizeko 8.00etan Ondarroatik irten eta Orion geldialdi bat egin ondoren, arratsaldeko 20.00etan Donostiako portuan sartu ziren; eta igandean, alderantziz. Goizeko 8.00etan Donostiako portutik irten eta Zumaian geldialdi bat egin ostean, Ondarroara itzuli. 110 kilometro itsasoz, Basque Country izeneko traineruan. 

45 urtetik gorako emakumeak izan dira guztiak ere, errelebozka, bideari ekin diotenak. Eta bi ideia azpimarratu nahi izaten dituzte, nagusiki: batetik, emakumeak ere aurre egin ahal diola itsasoari eta, bestetik, 45 urtetik gorako emakumeek ere badutela kirola egiteko eta erronkei aurre egiteko ahalmena.

Emakumeak izan dira, bai, balentria honen egileak. Eta morez tindatutako elastikoz jantzita egin badute ere ibilbidea, lorpen handiena, hiru dozena emakumek urte osoan zehar batzeko eta elkarrekin tamainako erronkari aurre egiteko izan duten indarra erakutsi izana da. Baiezkoa emandakoen zerrendatik norbere izenari erortzen utzi ez izana. Beste emakumeei, norbere behar eta nahi berberak dituztenei, laguntzea. Elkarrekin, indar berri bat bilatu eta sortu izana.

Ondarroan ikusi eta ikasi izan dugu, emakumea betidanik portuan gelditu izan dela, gizona ontziratu eta arrainetara joan izan den bitartean. Emakumeari zain egotearen rola egokitu zaiola gure historia hurbilean. Etxea eta etxekoak jagotea. Eta etxekoekin batera, herriari eustea.

Asteburuan, ordea, paperak irauli egin dira. Itsasotik emakumeak noiz sartuko zain egon ginen herritar asko eta asko, Donostiako portuan. Eta zain geunden bitartean, urduri samar, egia esan, traineruan zihoazen emakumeen bizitzak errepasatu ahal izan genituen, behinola Antiguako amari errezatuko zitzaion era berean, salbu porturatu zitezela eskatuz. Emakume hauek, herriko historiaren orrietan, ale berri bat idatzi dute. 

Egilea Admin