Zazpigarren urrezko domina
Simone Biles gimnasta estatubatuarrak bere zazpigarren urrezko domina lortu zuen larunbatean Olinpiar Jokoetan. Eta ziur ez dela azkena izango.
Tamaina horretako lorpenaz gain, aski ezaguna da bost jauzi edota ariketa diferentek bere izena daramatela. Eta egiten dituen jauziak hain handiak direla, ezen epaileek esan diotela “ez dela beharrezkoa” bere burua arriskuan jartzea. Inork lortu ez duena lortu duela jada, baita gizonezkoen jauziak kontuan hartuta ere. Eta ez dezala bere bizitza areago arriskuan jarri.
Hala ere, hau guztia aipatu beharrean, bere jauziak nolakoak diren azaldu beharrean, gizonezkoek baino askoz hobeto egiten duela jakinarazi eta bere ezaugarri nagusietan azpimarra egitetik oso urrun, mikroaz bestaldean zegoenak (telebistaz ari bainaiz Olinpiar Jokoen jarraipena egiten), Simone Biles-ek zer nolako ezintasunei egin dien aurre aipatzen entzun genuen: batetik, jazarpena salatu behar izan duela, eta bestetik, aurreko Olinpiar Jokoetan planto egiten zuela, psikologikoki ondo ez egoteagatik.
Argi dago, gailurrenean zaudenean ere, beti dagoela bat (edo bi, edo hiru, edo…) nondik zatozen edo non egon zaren gogoraraziko dizuna. Ezin dut ulertu zergatik. Javier Fernandez patinatzaileak Munduko Txapelketa irabazi zuenean ere, erorikoa izan zueneko momentua erakutsi ziguten medioek, behin eta berriro.
Ez dakit ikus-entzuleek zer ikusi edo entzun nahi duten. Niri, boteprontoan, hainbat ideia bururatzen zaizkit; jakin nahiko nuke, Simone Biles-ek, airean bueltaka dagoenean, zer pentsatzen duen. Edo beste inork egiten ez duen ariketa(k) egiteko ahalmena izatearekin nola sentitzen den. Jakin nahiko nuke bere gorputzarekin duen harremana nola garatu duen. Konfiantza hori zerk ematen dion. Eta babesik handiena, dagoen lekura heltzeko behar izan duena, zerk eman dion. Azkentzeko galdetu nahiko nioke, baita ere, epaileek esan diotenean bere bizitza ez arriskatzeko, gomendio horrek beretzako inolako baliorik ote duen. Ulertua eta baloratua sentitzen ote den. Adibidez.