Gomendioa

Opor egunak gure eguneroko bizitza ahazteko uneak direla esaten dugu askotan. Aurrekoan lagun bat etorri zitzaidan udan irakurtzeko liburu gomendio baten eske. Esan zidan guztiz harrapatuko zuen liburu bat nahi zuela, “deskonektatzen” lagunduko zion liburu bat. Eta nik ez nuen jakin gomendio onik ematen, izan ere, gustatzen zaizkidan liburuek bizitzatik deskonektatzeko baino, bizitza gertuagotik ikusten eta sentitzen laguntzen dizuten liburuak izaten baitira. 

Beste behin ere, lagun batek aitortu zidan berak ez duela inoiz fikziorik irakurtzen, berari “benetako” gauzak irakurtzea gustatzen zaizkiolako: saiakerak, historia liburuak… Eta konturatzen naiz jende askorentzat fikzioa dela bizitzatik ihes egiteko tresna bat. Eta egia da fikzioak beste mundu batzuetara garamatzala, eta une batez gure bizitza ahaztu egiten dugula fikziozko beste bizitza batzuetan barneratzean, baina nobela, ipuin, poema on batek beti uzten digu bizitza hobeto ulertzeko irakasgai moduko bat edo galdera berri bat bizitzaz. 

Gure ingurua eta inguruan ditugun pertsonen bizitzak hobeto ulertzeko bidea da literatura. Ez da eskapismo ekintza bat, ispilura begiratze bat baizik. Badaude ere fikzioa eta ez fikzioaren mugan mugitzen diren liburu batzuk. 

Gaur, nire lagunaren eskaerari erantzunez, horietako bat gomendatuko dut, nahiz eta honekin ez duen bizitzatik deskonektatzeko aukerarik izango, bizitzaren epizentroan sartzeko moduko liburua baita. Leila Guerrieroren “Teoría de la gravedad” liburuaz ari naiz, idazle argentinarrak idatzitako iritzi artikuluen bilduma. Orri gutxitan eta testu laburretan bizitza, irakurketak eta esperientzien bilduma eder eta aberats bat aurkituko du. Opor garaian gure bizitzan eta munduaz hausnartzeko tresna baliagarri bat. Azaleko erredurak identifikatu eta aldi berean babesteko balio duena. Eguzkitako kremarekin batera poltsan egunero eramateko modukoa. 

Irati Suaga

Egilea Irati Suaga