Mundu paralelorik ez (II)

Zenbakiak errazak dira, bai, irakurtzen eta ulertzen. Aurreko astean aipatzen genuen, 2024ko ekainean NBEak egindako azterketaren arabera, munduan 27 direla estatuburu edo gobernuburu emakumezkoa duten estatuak. Eta beste datu bat ere errazten genuen: ministro gisa diharduten emakumezkoek, nagusiki, kartera hauen ardura dutela: Emakumea eta Berdintasuna, Familia eta Haurtzaroa, Inklusio soziala eta garapena, Babes soziala eta seguritate soziala, eta Herri Indigenen eta Gutxituen aferak.

Datu hauek, ostera, boterera nola heltzen den ez dute ez azaltzen, ez erakusten. Ez eta boterea nola eraikitzen den ere. Hortxe gakoa.

Kontua ez da mundu paraleloak sortzea, alegia, lehenen heltzen denak zati handiena hartuko duen edota bigarrenak, eskubideen araudia eskuan, ustez berea dena erreibindikatzen saiatuko eta ahituko den: zurea hau eta nirea beste hau; zuretzat erdi hau eta niretzat beste hau; edo dena bion artean banatzeko edo doala dena pikutara! Ezagunegiak zaizkigu dibortziorik odoltsuenetan erabiltzen diren taktika antzu hauek.

Eraiki beharreko gizarte parekidea elkarrekin berreraiki behar da. Bai, berriro eraiki.

Kalkulu matematikoen arabera, eta arestian emandako datuak kontuan hartuta, estatuburuen %50 emakumezkoak izatera heltzeko, beste 130 urte beharko omen ditugu. Argi dago, bada, 130 urte horiek pasatu eta estatuburuen %50 emakumezkoak izango direnerako, bestelakorik egiten ez badugu, gizonezkoek eraikitako beste mundu paralelo bat ezagutuko dugula. Nuria Varelak esan bezala, botere gunea, beste leku batean egongo dela. Beraz, gaurtik hasi beharra dago langintza berri batean: “ez botere gunearen % 50 aldarrikatzen”, baizik eta botere gune osoa, % 100, elkarrekin berreraikitzen.

Ez dugu mundu paralelorik sortu dadin nahi. Itsuen herrien begiokerra alkate izendatzea bezain hankamotza litzateke gizonezkoek beren erreinuaren jaun eta jabetza izateko lan egitea eta emakumezkoek beste beren erreinuaren andere jabetza jadesteko aldarrikapenekin jarraitzea.

Irati Suaga

Egilea Irati Suaga