Espainiako Estatuari abuztura arte esleitutako kuota osoaren % 41 baino ez dute agortu arrantzaleek, iaz harrapatutako % 73aren aldean, eta, azken zazpi urteetan ez bezala, 2024ko kanpaina urrira arte luza daiteke.
Donostiako Kofradia-Itsas Etxea euskal arrantzaleen lana zabaltzeko eta balioztatzeko zentroak jakinarazi duenez, abuztura arte 9.840 tona hegaluze deskargatu dira Gipuzkoako portuetan (batez ere Getarian, Pasaian eta Hondarribian), iaz baino ia 4.000 gutxiago.
Aipatu iturriek gogorarazi dutenez, ekitaldi honetarako Estatuari esleitutako kuota “24.495 tonakoa da”, hau da, “2023an baino % 30,26 gehiago”.
Kofradiatik adierazi dutenez, hegaluzearen aurtengo kanpaina “normaltasunez igarotzen ari da”. Hala, ekainean “oso ahul hasi zen”, baina “erritmoa berreskuratu da”, aipatu iturrien arabera.
Urrira arte
Gainera, nabarmendu dutenez, ekitaldi honek “duela zazpi urtetik hona gertatzen ez zen zerbait du”, izan ere, “oso litekeena da kanpaina urrira arte luzatzea”, eta azken ekitaldietan “abuztuaren amaierarako edo irailaren hasierarako kanpaina amaitutzat ematen zen”.
Hegaluzea lonjan saltzen ari den batez besteko prezioa kiloko 3,57 eurokoa da; beraz, jaitsiera txikia izan da aurreko urteekin alderatuta.