MAREA BIZIAK

Marea biziek hondartza desagerrarazi dute. Ohituta gaude gure hondartzetako paisaia sei ordutik behin zeharo aldatzen ikustera, baina oraindik harridura sentitzen dugu ilargi bete eta berriaren eraginez marearen indar geldiezinaren testigu garenean. Ilargia, eguzkia eta lurra lerrokatzean, ilargiak beregana erakartzen du ura, edan nahiko balu bezala. Itsasoko urarekin egiten badu, nola ez du izango ba gugan eragina %60an ura baldin bagara? Batzuetan ahaztu egiten dugu naturaren parte garela. Uda garai ona da gogoratzeko. Itsaso eta mendietara gerturatu eta urtean zehar espaloi eta errepide artean naturarekin galdutako konexioa berreskuratzeko aukera ematen digu askotan. Hala ere, adi egonez gero, hirian eta urtean zehar ere mantendu dezakegu konexio hori. 

Hiriko zuhaitzei begiratuz, adibidez, egunez egun nola aldatzen diren ikusiz; hodeien mugimenduari adi egonez edo leiho batetik urrunean ikusi dezakegu mendi tontorrari begiratuz. Marea biziek naturaren parte garela gogorarazten diguten bezala, berdin ohartu gaitezke natura garela sudur puntan euri tanta bat sentitzen dugunean, edo hego haizeak gure leihoetako gortinak sorgindu eta zoratzen dituenean, edo goizeko lehen orduan gure kalean oraindik zapaldu gabeko elurra ikusteko zortea dugunean. 

Eta baita jendeari begiratzean. Izan ere, begietara sakon begiratuta pertsonen barnean sumatu ditzakegu ekaitzak, lurrikarak, itsasikarak… Edo itsas bareak, zeru urdinak, larre berdeak… Ilargiak sorginduta bezala gaude batzuetan, gure barnean sentitzen ditugun marea bizien inertziaren eraginez. Bestetan, aldiz, urre koloreko gari soro baten bakea eta gelditasuna sentitzen dugu bularrean. Egun bakar batean hodeien antzera aldatu daiteke gure aldartea eta urteen poderioz arbola zahar baten modura okertzen da gure gorputza. Ezin ukatu ikusten dugun paisaia horren parte garela eta itsaso, mendi, zuhaitz eta larreak zaintzea geure burua zaintzea ere badela.  

Irati Suaga

Egilea Irati Suaga