Gaixotasunak
Duela bi urte tximino baztanga izan zen Euskal Herrian, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi zuenez hainbat kasu atzeman zituzten Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan. Aste hauetan gaixotasun horren presentzia areagotu egin da, eta horren ondorioz, Osasunaren Mundu Erakundeak osasun larrialdia ezarri du nazioartean, Afrikan makina bat kasu eman baitira.
Irakurri ahal izan dudanez, Afrikako hainbat herritan (Ruanda, Kongo, Liberia, Burundi, Kenya, Hegoafrika,…) modu erasokorrean agertu da mpox deituriko birusa, baina dagoeneko, Afrikatik salto egin du, eta alarma ere Europa aldean piztu da. Txina herrian ere alertan daude (nola ez!), eta bertan hainbat neurri ezarri dira tximino baztangaren kasuak izan diren herrialdeetatik datozen bidaiarientzat. Bertan, horrelako gaixorik kausitu ez den arren, datozen sei hilabeteetan indarrean segituko dute neurri horiek, badaezpada.