D'Anjouk Kontzertu Ekonomikoaren aldeko apustua egin du, Euskadiren hazkundea sustatzeko

Nöel d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak bere sailak legegintzaldi honetan izango dituen hiru jarduera-ardatzak zehaztu zituen atzo Eusko Legebiltzarrean: autogobernu ekonomikoa eta finantzarioa defendatu eta indartzea, Jaurlaritzaren konpromiso politikoen bideragarritasun ekonomikoa bermatzea eta finantza-politika garapen ekonomikorako eta sustraitzeko tresna gisa erabiltzea. Eta, ildo horretan, sailaren lehentasunetako bat izango da Kontzertu Ekonomikoak eskaintzen dituen gaitasunak baliatzea “Euskadiren garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko”. “Lehiakorrak izatea bilatuko dugu, hiru trantsizioen testuinguruan: digitala, energetikoa eta soziala”, azaldu zuen. D’Anjouk esan zuenez, euskal erakundeek fiskalitatearen arloan duten eskumena zabaltzen jarraitzeko lan egingo dute, “gure ekonomiaren ezaugarrietara eta gure gizartearen beharretara egokitutako” politika garatzeko beharrezkoak diren tresna guztiak izateko. Horretarako, Ituna bera eguneratu beharko da.

Hori guztia Europar Batasunaren esparruan, non “euskal erakundeen zabalkuntza eta presentzia bultzatuko dugun”. “Erabaki ekonomiko-finantzarioak hartzen diren nazioarteko erakundeetan gure presentzia lortzeko eta areagotzeko lan egingo dugu”, aurreratu zuen D’Anjouk, EBri eta ELGAri erreferentzia eginez. Bestalde, Jaurlaritzaren barne-ikuspegitik, sailaren zeharkako izaerak gainerako politika publiko sektorialei eragiten diela nabarmendu zuen. “Horregatik, nolabait, Jaurlaritzaren konpromisoen bideragarritasun ekonomikoaren bermatzaile bihurtzen den Saila gara, bideragarritasun politikoa bideragarritasun ekonomikoaren eskutik baitoa”, adierazi zuen.

Sailak hazkunde ekonomikoa indartuko duten tresnak garatzea jarri du helburu, “lankidetza publiko-pribatuaren aldeko apustua eginez, finantzaketa-proposamen berritzaileekin eta euskal enpresen sustraitzearekin, batez ere Finantzen Euskal Institutuaren bitartez”. “Momentuak finantza-tresna berriak aktibatzea eskatzen du. Eskura dauden baliabideen zati bat industria-proiektu berriak sortzera bideratzea, etorkizuneko enpresa-ekimenen hazkundea babestea eta Euskadin liderrak diren enpresak errotzea”, defendatu zuen. “Horretarako, baliabide publikoak ekimen pribatuarekin eta finantza- eta inbertsio-gaitasuna erakusten duten eragileekin batzen asmatu behar da (…) eta, horrela, behar adina muskulu izan eta euskal funts subirano baten tankerako finantza-estrategia artikulatu”, azaldu zuen.

Aurrekontuak
D’Anjouk jakinarazi zuen Gobernuak urriaren 29an onartuko duela 2025eko aurrekontuen proiektua. Behin Gobernu Kontseiluaren oniritzia jasota, proiektua Legebiltzarrera bidaliko da, eta bertan, azaldu zuenez, oposizioarekin “akordio posibleak aztertzeko” aukera irekiko da, eta negoziazio horiei “modu eraikitzaile eta zintzoan” egingo zaie aurre. Ogasun Saila Estatuko Administrazio Orokorrarekin ari da lanean Euskadiren defizitaren bidea zehazteko, “aurrekontu-proiektuak markatu beharko dituen marjinak ezarrita izan ditzan”.