Mari Luz de La Cal EHUko Ekonomia Aplikatuko irakasleak zutabe interesgarria kaleratu du Berria egunkarian. Bertan, etxeko lanek eta zaintza lanek sisteman duten garrantziaz dihardu.


Irakasleak gogorarazi duenez, etxeko eta zaintza lan ordaindugabeetan diharduten pertsonak, gehienbat emakumeak, «ez-aktibotzat» sailkatzen dituzte estatistikek, eta, ondorioz, ez dira aintzat hartzen BPGd-aren kalkuluan. Ekonomiaren ikuspuntutik, lan ordaindua bakarrik kontsideratzen da lantzat, baina ordaindu gabeko zereginok “ezinbestekoak dira BPGd-a sortzeko, baita bizitza sostengatzeko ere”, adierazi du De la Calek.
Bizitza sostengatzeko lanok duten kostua “emakumeen eta gizonen artean, aktiboen eta ez-aktiboen artean, baita klase sozialen artean ere” modu bidezkoagoan banatzeko beharra azpimarratzeaz gain, enpresek eta administrazio publikoek ekin beharra dutela dio.


Datuak


De La Calek ohartarazi duenez, generoen arteko lan desberdintasunak nabarmenak dira oraindik, eta hori frogatzeko INEk kaleratutako datuen laburpena egin du. INEren arabera, EAEn, jarduera tasa txikiagoa da emakumeetan (% 52,1) gizonetan (% 60,5) baino. Lanaldiari erreparatuz, EAEn eta Nafarroan, emakumeen % 27 inguruk lanaldi partziala du; gizonen artean, aldiz, % 7k.
2017an, generoaren araberako soldata-arrakala % 23 inguru zen EAEn, eta % 26 Nafarroan. Horien eta beste eragile batzuen ondorioz, emakumeen batez besteko pentsioa gizonena baino % 38 txikiagoa dela dio.

Egilea Admin