Chivite presidenteak adierazi du Industriari buruzko Foru Legea bultzada eraldatzaile eta estrategikorako euskarria izango dela, eta gizarteak bere diseinuan duen parte-hartzea baloratzen duela

Maria Chivite Navascues Nafarroako presidentea Industria Mahaiaren beste bilkura bateko buru izan zen atzo. Mahai hori Foru Gobernuaren eta sektoreko eragile ekonomiko eta sozialen arteko lankidetza-organoa da, eta, bertan, Erkidegoa “industria-iraultza berri” baten aurrean dagoela nabarmendu du, “sakoneko aldaketa orok bezala, ausardia, ahalegina eta egungo beharrak begirada estrategikoenarekin eta etorkizuneko plangintzarekin orekatzen jakitea eskatzen duena”.

Organo hori joan den 2023an sortu zen legegintzaldi honetako berritasun gisa, eta haren bileraren helburu nagusia izan da Industriari eta Enpresa Sustapenari buruzko etorkizuneko Foru Legearen zirriborroari ekitea. Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko Sailaren eta Mikel Irujo sailburuaren lana eskertu du, legearen zirriborroa egitera eraman duen prozesu parte-hartzailea koordinatu eta gidatu duelako.

Hala eta guztiz ere, prsidenteak adierazi nahi izan zuen “ekarpen guztiak ez direla lege baten xede”, baina guztiak “aztertuak eta ongi etorriak” direla, eta, era berean, guztiak “baliagarriak” direla “gobernu gisa gizarte osoarekin egiten ari garen hausnarketa estrategiko horretan”.

Hala, industria “Nafarroako BPGaren eta enpleguaren funtsezko euskarria” izateaz gain, “oparotasunari, aurrerabideari eta bizi-kalitateari laguntzen dion elementua” ere izan behar duela azpimarratu zuen. Ildo horretan, “industrian funtsezkoa den une bat” dela adierazi zuen, eta horrek berekin dakarrela hainbat erronkari heltzea, hala nola industria-eraldaketa, aukera- eta talentu-nitxoen identifikazioa, enplegua, kalitatea, soldata-arraila, istripu-tasa eta segurtasuna edo lan-kontziliazioa.

Europa osoa inplikatzen duen erronka batean, presidenteak azpimarratu zuen beharrezkoa dela eskutik helduta joatea eta ahaleginak batzea “prospektatzeko, diseinatzeko, erabakitzeko, aurrera egiteko eta, beharrezkoa bada, bideratzeko”.

Presidenteak, gainera, berdintasunaren arloan arreta berezia jarri zuen, industrian generoen arteko aldea berreskuratzeko beharra azpimarratuz. Hala, lege berrian “gai hori” dagoela eta egongo dela azaldu zuen, uste baitu Nafarroak ezin duela “modu justuan aurrera egin gizarte gisa”, baldin eta ez badira arrakala guztiak konpontzen, eta kezka hori “Espainiako Gobernuari, Europako Batzordeari eta, egun gutxi barru, Bruselan Europako Parlamentu berriari” helarazten ari zaiola azpimarratu zuen.

“Emakumea industrian behin betiko sartzeko aukera izan behar du une eraldatzaileak”, gaineratu zuen. “Industriak zirkulu bertutetsuaren oinarria izan behar du, hazkundea eta garapena kalitatearekin, lan-eskubideekin eta kohesio sozialarekin zein lurralde-kohesioarekin uztartuko dituena”.

Industriari eta Enpresa Sustapenari buruzko Foru Legea

Industriari eta Enpresa Sustapenari buruzko Foru Legearen zirriborroari dagokionez, presidenteak araudian jasoko diren zenbait gai aurreratu zituen. Hala, “ekosistema industrialaren kontzeptua bera” definitzeaz arduratuko dela azaldu zuen, eta trantsizio digitala eta jasangarria sustatzeko neurriak eta gobernantza sistema bat barne hartuko dituela Nafarroako industrian inplikatutako eragileekin.

Halaber, araudiak industria-sektorea sustatzeko hainbat tresna ezarriko ditu, hala nola industria-leihatila bakar bat, laguntza, dirulaguntza eta baliabideetarako webgune espezifiko bat edo prestakuntza-katalogo bat. Garrantzitsua da, halaber, enpresa-karpeta bat martxan jartzea, “osasun-karpetaren antzeko” tresna bat, enpresek administrazioarekin dituzten izapideak pertsonalizatzea ahalbidetuko duena.

Lege figura berri baten sorrera ere nabarmendu zuen, “Nafarroako Proiektu Estrategikoena”, “dagoeneko ezagunak diren foru intereseko adierazpenen osagarri” izango dena. Bestalde, Nafarroa “berrikuntza testeatzeko eta teknologia berriak garatzeko sandbox erregulatzaileak ezartzeko eskualdea izatea” bultzatuko da.

Azkenik, ekintzailetzaren aldeko lege berriaren apustua aipatu zuen, oinarri teknologikoko start up-en bidez, eta arreta berezia jarri zien “lehentasunezko kolektiboei, hala nola emakumeei, gazteei edo landa-inguruneetan bizi direnei”.

Nafarroako Industria Mahaiak

Mahaiaren bileran, Chivite presidenteaz gain, Gobernuko beste kide batzuk ere izan ziren, hala nola José Luis Arasti Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Carlos Gimeno Hezkuntzako kontseilaria, Mikel Irujo Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko kontseilaria, Óscar Chivite Lurralde Kohesioko kontseilaria, José Mª Aierdi Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria eta Josean Vizcay Telekomunikazioetako zuzendari nagusia.

Era berean, bilkuran izan ziren Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioa (CEN), Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuen Ganbera, Nafarroako Gizarte Ekonomiarako Entitateen Konfederazioa (CEPES Nafarroa), Nafarroako Industriaren Elkartea (AIN), Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Kooperatiben Batasuna (UCAN) eta Nafarroako Industria Fundazioa. Erkidegoko klusterrek ere parte hartu zuten, hala nola ACAN (automozioa), Nagrifood (agroelikadura), Enercluster (energia berriztagarriak), ATANA (informazioaren eta komunikazioaren teknologiak), ICONS (eraikuntza), Functional Print (arte grafikoak), Navarra Health Cluster (osasuna) eta CLAVNA (ikus-entzunezko sektorea). Azkenik, Ekonomia eta Gizarte Kontseiluan ordezkaritza duten sindikatu batzuetako ordezkariak ere izan ziren (UGT, CCOO eta LAB).

Foru Gobernuko kideak eta gizarte eragileak foro honetako kide iraunkorrak dira.

Industriak Nafarroan duen pisu erabakigarria

Industria Nafarroa da, eta izaera estrategikoa du erkidegoko ekonomiaren barruan. Horrela, BPGa % 30 baino pixka bat handiagoa da, Espainiako estatu osoko ehunekorik handienetako bat, eta baita Estatuko eta Europako batez bestekoaren oso gainetik ere. Enpleguari dagokionez, gutxi gorabehera 72.000 pertsonari ematen die lana, 3.300 bat enpresatan banatuta.

Sektorearen pisua dela eta, Foru Gobernuak hainbat neurri hartu ditu trantsizio energetiko eta digitala edo ekonomia zirkularra bezalako helburuak babesteko, horien artean 2025erako Nafarroako Industria Plana (iazko martxoan onartua), edo Industria Foroa bera lankidetza-organo gisa.