Foru Gobernuak Nafarroaren posizio geoestrategikoa aldarrikatzen du, bere garapen ekonomiko, sozial eta kulturalerako “funtsezko aukera” gisa

Foru Gobernuak atzo aldarrikatu zuen Nafarroaren posizio geoestrategikoa lurraldearen garapen ekonomiko, sozial eta kulturalerako “aukera erabakigarria” dela, historikoki aurrera egiten lagundu dion eta etorkizunerako ere giltzarritzat jotzen den alderdia. Horren harira, Gobernuak Nafarroaren kokapen geografikoak eskaintzen dituen abantailak “maximizatzearen” alde egin zuen, “plangintza estrategiko baten bidez eta azpiegituretan, teknologian eta epe luzerako hazkunde iraunkorra eta lehiakortasuna sustatzen duten politiketan inbertituz”.

Nafarroako Gobernuak deitutako eragile publiko eta pribatuek hausnarketa-jardunaldi batean parte hartu zuten, politika publikoen eta ekimen pribatuaren diseinuan ikuspegi geoestrategikoa aplikatzearen garrantzia aztertzeko. Lehendakaritzako eta Berdintasuneko Saileko Azterketa eta Prospekzio Bulegoak sustatutako azterketa-saio honetan Elcano Errege Institutuko adituek hartu zuten parte. Institutu hori Europako eta munduko erreferentziazko pentsamendu-zentroa da, eta nazioarteko azterlanetan eta azterlan estrategikoetan espezializatuta dago.

Jardunaldia Foru Erkidegoaren mugako posizioak ematen dituen aukerak aztertzeko sortu zen, lurraldea Iberiar Penintsularen eta Europaren arteko loturan puntu estrategiko bihurtzen baitute. Helburua da Nafarroak izan duen garapen ekonomiko eta kulturala indartzen jarraitzea, bere lotura historikoei eta garraio- eta logistika-azpiegiturei esker. Horri esker, paper garrantzitsua izan du merkataritza-ibilbideetan, eta posizio nabarmena izan du industria bezalako sektoreetan.

Lehen lehendakariorde eta Lehendakaritzako eta Berdintasuneko kontseilari Félix Tabernak gosari informatibo bat izan zuen aurretik Elkano Errege Institutuko lau ikertzailerekin batera: Judith Arnal, Centre for European Policy Studieseko ikertzailea eta Espainiako Bankuko kontseilaria; Gonzalo Escribano, geopolitikan eta energiaren politikan espezializatutako Ekonomiako katedraduna; Enrique Feás, Ekonomian doktorea eta Kreditu Ofizialeko Institutuko kontseilari independentea, nazioarteko merkataritza eta harremanetan eskarmentu handikoa; eta Ignacio Urbasos, energia eta klimaren arloko ikertzailea eta nazioarteko harremanetan aditua.

Zazpi aukera-eremu
Azterketa eta Prospekzio Bulegoak zazpi aukera-eremu bereizten ditu, Nafarroaren kokapen estrategikoarekin lotuak, eta honako arlo hauek hartzen dituzte barnean: garapen ekonomikoa, turismoa eta kultura, berrikuntza eta teknologia, merkataritza eta esportazioak, energia-segurtasuna eta iraunkortasuna, mugaz gaindiko politika eta lankidetza, eta ongizatearen eta bizi-kalitatearen indizeak.

Alde batetik, Nafarroaren posizio pribilegiatuak eta Espainiako eta Europako funtsezko merkatuetatik gertu egoteak lurraldea nazioko eta nazioarteko inbertsioak erakartzeko gune bihurtzen dute. Dituen konektibitateak eta garraio-azpiegiturek (Iparralde-Hegoaldea eta Ekialde-Mendebaldea errepidez eta trenbidez, Ebroko korridorearen eta Kantauri-Mediterraneo korridorearen esparruan, eta Bartzelonako eta Bilboko portuekin lotura onak), halaber, industria eta zentro logistikoak instalatzea errazten dute, salgaien banaketa estatuan zein nazioartean eraginkorragoa izan dadin.

Kulturari dagokionez, Nafarroa bide-gurutzea izateak trukerako eta aniztasunerako aukera handiak eskaintzen ditu, eta horrek aberastu egiten du Foru Komunitateko bizitza soziala eta kulturala. Gainera, historia eta ibilbide kulturalak, hala nola Done Jakue Bidea, turismoaren garapenerako aukera paregabetzat hartzen dira. Azpiegitura eta zerbitzu turistikoetan inbertitzeak nabarmen handitu ditzake sektore horretako diru-sarrerak eta enplegua.

I+G+Bko erreferentzia-puntu gisa, uste da Nafarroak bere posizioa kapitaliza dezakeela teknologia- eta berrikuntza- hub (laborategi) bihurtzeko, talentua eta sektore teknologikoko enpresak erakarriz, bere azpiegitura eta egonkortasun politikoa erakargarriak baitira startup (enpresa sortu berriak) eta korporazio handientzat. Espainiako eta Frantziako ikerketa-zentroetatik eta unibertsitateetatik gertu egoteak, gainera, I+G proiektuetan laguntzea errazten du.

Merkataritzari eta esportazioei dagokienez, dauden ibilbideek eta Europako merkatu handietatik gertu egoteak Nafarroako produktuen esportazioa errazten dute, eta horrek tokiko enpresei mesede egiten die eta eskualdeko ekonomia indartzen du. Horri dagokionez, logistika-nodo bihurtzea funtsezkoa da sektoreko operadore handiak erakartzeko, salgaien trafikoa handituz, enplegua eta negozio-aukerak sortuz.

Energia berriztagarriak bultzatzeari dagokionez, estrategia Nafarroak dagoeneko duen lidergo-posizioaz baliatzera bideratu behar da, arlo horretan ezagutza eta teknologia esportatzeko eta, gainera, proiektu iraunkorretan inbertsioak erakartzeko. Azken alderdi hori, iraunkortasuna eta ingurumenaren babesa, ere ezinbestekotzat jotzen da lurraldearen errespetuzko garapena sustatzeko. Horri dagokionez, ekoturismoa bezalako arloak aztertzen jarraitzearen alde egin da.
Nazioarteko lankidetzan, Frantziatik gertu egoteak eta Europar Batasuneko kide izateak aukera ematen dute mugaz gaindiko lankidetza-proiektuetarako, Europako funtsak eskuratzeko eta politika bateratuak garatzeko azpiegitura, hezkuntza eta osasun arloetan.

Nafarroako autonomia eta egonkortasun politikoa epe luzerako inbertsioak eta proiektuak erakartzeko lehiarako abantaila gisa ere aipatzen ditu Prospekzio Analisien Bulegoak. Ildo beretik, Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratzen duen Bizi Kalitatearen Adierazle Multidimentsionalaren arabera 2008tik liderra den Foru Komunitateko biztanleen gizarte-ongizatearen maila ere trakzio-elementutzat hartzen da, lurraldearen erakargarritasuna eta potentziala handitzen baititu.