Mikel Irujo Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko sailburuak bilera bat izan du berriki Altsasuko alkate Javier Ollorekin. Bertan, zonaldeko lurzoru industrialaren handitzea aztertu dute, dagoeneko kokatuta dauden enpresen instalazioak handitu eta jarduera ekonomiko berriak erakarri ahal izateko.
Irujo sailburuak azpimarratu duenez, “une honetan, Altsasu lehentasuna da lurzoru industrialaren arloan, toki estrategikoa da Arabatik eta Gipuzkoatik gertu dagoelako”.
Bileran, egiteke dauden orubeak “berrantolatzeko” eta udalerriko industria-lurzorua handitzeko prozesua aztertu da, eta “Kapintansoro” eremua hartu da horretarako lehentasunezko gune gisa. Inguru honek komunikazio onak ditu, N-1 errepidearen eta Gipuzkoarekin muga egiten duen A-1 autobidearen ondoan, eta oso erakargarria izan daiteke Altsasun eta Sakanan dauden enpresen instalazioak handitzeko eta inguruko lurraldeetatik jarduera ekonomiko berriak erakartzeko.
Gainera, herrian gaur egun dagoen lurzoru industrialaren egoera aztertu da aurrera egiteko eta etorkizuneko inbertsioak erakartzeko, baita Udalak eta NASUVINSA (Navarra de Suelo Industrial, SA) sozietate publikoak etorkizunean hitzarmena sinatzeko ere. Sunsundeguiren egungo egoerari eta ematen ari diren pausoei ere heldu zaie.
Bileran Iñigo Arruti Enpresa Sustapeneko zuzendari nagusiak eta Carlos Chocarro NASUVINSAko Lurzoru Industrialeko zuzendariordeak ere parte hartu dute.