Vicrilak, beirazko edalontziak eta kopak egiten dituen nazioarteko enpresak, Lamiakoko planta –1890ean sortua– modernizatzeko, kopak soldatzeko makina berri bat sartu du bere ekoizpenean. Solda­tzaile horren funtzioa koparen oina eta edalontzia modu automatizatuan lotzea da, eta lantegian bertan prest jarri ondoren, 2021ean jarriko da martxan.


Horrela, makina berri hori beste pieza berri batzuekin osatuko da, eta, batera, kopa lerro berri bat osatuko dute. Sektoreko puntakoena den OCMI enpresa italiarrak garatu du berrogei tonako pisua duen soldatzailea, Vicrilaren teknikari adituekin batera.
Hala, soldadura-makineria abian jarrita, Vicrila konpainiak 2018-2022 Plan Estrategikoan hitzartutako inbertsioak gauzatzen jarraitzen du, eta 17 milioi eurora iritsiko dira bost urtean.

2018-2022 Plan Estrategikoa


Vicrilaren 2018-2022 Plan Estrategikoan, besteak beste, honako helburu hauek ezarri ziren: bost urteko epean, konpainiak segmentu komertzialetan duen posizioa “indartzea”, eta urtean 50 milioi euroko fakturazioa lortzea, 2018ko ekitaldiko salmenten 23,3 milioiak bikoiztuta.
Gainera, nazioarteko merkatu berriak bilatzeaz eta egungoak indartzeaz gain, Vicrila hobekuntza teknologiko garrantzitsuak ezartzeko prozesuan dago, plantaren automatizazioan aurrera eginez, prozesuei balio erantsi handiagoa emateko, haien eskaintza dibertsifikatzeko eta ekoizpena handitzeko helburuarekin.

Egilea Admin