Foru Erkidegoko nekazaritzako elikagaien sektoreak erreferentziazko katalogo berri bat du I+G+B proiektuetarako Europako Berrikuntza Sareari buruz. Katalogo hori NAGRIFOOD Nafarroako nekazaritzako elikagaien klusterrak aurkeztu zuen: “NAGRIFOOD Berrikuntza Sarea: I+G+B proiektuetarako zure erreferentzia-gida (AL-INN-EUROPE)”. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Arrosadiako Campusean egin zen aurkezpen ekitaldian Ana Ollo lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilaria izan zen. Gidak Europar Batasuneko ikerketa, ezagutza, teknologia eta berrikuntzaren arloko erakunde garrantzitsuenak biltzen ditu, nekazaritzako elikagaien sektoreko esperientzia-eremu zehatzarekin batera.
NAGRIFOODek sortutako katalogo hau Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiaren laguntzarekin egin da, zehazki, 2024. urteari dagokion “Irabazi asmorik gabeko enpresa eta erakundeentzako laguntzak, Europar Batasuneko politikak eta estrategiak zabaltzeko” dirulaguntzaren bidez. Nekazaritzako elikagaien sektorerako gida honek Europar Batasun osoko ikerketa-zentro, teknologia eta unibertsitate publiko zein pribatuetako puntako taldeak biltzen ditu. Gainera, 13 kategoria aukeratu dira erakunde horiek sailkatzeko eta, horrela, katalogoan nabigatzea errazteko. Horrela, bilaketa erraza egingo da, kontsultatzen duen pertsona bakoitzaren interesen arabera (herrialdea, kategoria, etab.).
Era berean, argitalpenak gida azkar eta erabilgarri bat izateko aukera ematen dio xede-publikoari, Europan izan daitezkeen bazkide teknologikoak erraz identifikatzeko eta Europako nekazaritza-politikak eta -estrategiak errazago ezartzeko. Hori egiteko, estatu kideetako ezagutza- eta teknologia-erakunde bakoitzaren (unibertsitateak, teknologia- eta ikerketa-zentroak, erakunde publikoak, etab.) prospekzio-lan intentsiboak egin beharko dira. Gainera, bilduma honen edukiari esker, zientzia, teknologia, enpresa eta gizarte orokorrean ezagutza sustatzen duten helburu didaktikoak eta zabalkunde eraginkorrekoak bete ahal izango dira.
Ollo lehendakariordeak, Sandra Aguirre NAGRIFOOD Nafarroako nekazaritzako elikagaien klusterreko gerentearekin batera, bere hitzaldian nabarmendu nahi izan zuen nekazaritzako elikagaien sektorea “gure errealitate ekonomiko eta sozialaren funtsezko sektorea dela, eta beharrezko laguntza guztiak eman behar dizkiogula aurrera egin dezan eta sendotu dadin. Nafarroako Gobernuak, oro har, eta nire departamentuak bereziki, batez ere gure Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, ahalegin berezia egin du duela hiru legegintzalditik Foru Komunitatea nazioartekotzeko “.
Bestalde, Ollok azpimarratu nahi izan zuen 2025eko Aurrekontu Orokorren aurreproiektuan, Gobernu Bilkuran onetsitakoan, argi eta garbi islatzen dela Nafarroa nazioartekotzearen aldeko apustu hori, eta Europako proiektuen hedapenarekin eta laguntzarekin zerikusia duten hainbat ildo sendotzea eta indartzea aurreikusten duela, sare sozioekonomiko, irakasle, ikertzaile eta abarrekin lankidetzan.
FOODNAUTAren III. edizioa
Gida berri honen aurkezpena 3. edizioaren barruan dago. FOODNAUTA Trends & Pitch Event- Open Innovation- Navarra Food Trends, NAGRIFOOD Nafarroako nekazaritzako elikagaien klusterrak antolatua.
Jardunaldi hau Nafarroako nekazaritzako elikagaien sektorearen berrikuntza bultzatzeko ezagutzak eta inspirazioa transferitzeko agertoki nagusietako bat da, non gure elikaduraren etorkizunari aurrea hartzen laguntzen duten elikadura-joerak erakusten diren. Arrakasta-kasuak eta merkatuari lotutako abangoardiako ikerketa-ildoak ezagutarazten dira.
Era berean, NAGRIFOOD klusterreko bazkideen berrikuntzak partekatzen dira, eta ezagutza-zentroetako eta teknologia-zentroetako ikertzaile eta teknikariek elikadura osasungarri eta jasangarriaren, jasangarritasunaren, nutrizio pertsonalizatuaren, paketatze iraunkorraren, digitalizazioaren eta abarren arloko azken aurrerapenak azaltzen dituzte. “NAGRIFOOD Berrikuntza Sarea: I+G+B proiektuetarako zure erreferentzia-gida (AL-INN-EUROPE)” katalogoaz gain, “2024ko Etorkizuneko Elikadura” gida ere aurkeztu da.