AquaDat, uraren kudeaketa adimentsua bermatzeko start-upa

AquaDat, 2016an sortutako start-up bizkaitarra, urari buruzko informazioa datuetara eraldatzen espezializatutako online plataforma da. Jorge Garcia del Arco ekintzaileak merkaturatutako ekimenaren xede nagusia akuiferoen erreserben kudeaketa eraginkorraren alde egitea eta konponbide integralak eskaintzea da.


Hala, plataformak uraren neurketa, azterketa eta kudeaketa prediktiboa denbora errealean egiteko soluzio integrala ematen die enpresa pribatuei, erakunde publikoei eta hirugarren sektoreari, uraren erabilpen eraginkorra eta jasangarria lortu dezaten.


Gauzak horrela, uraren Data Science negozioaren funtsezko ardatza den AquaDat plataforma adimentsuaren bidez, uraren analisi prozesua modu eraginkorragoan egiten da denboran eta kostuan, gaur egun erabil­tzen diren irtenbideen aldean. Horretarako, proiektuak hardware eta software teknologia aurreratuak uztartzen ditu datuak biltzeko eta irudikatzeko.


Informazio bilketa hori uretako droneen eta gailu fisiko finkoen erabilerari esker egiten da. Horrela, azken produktua uraren kalitatea neurtzen duen mapa zehatz bat da, hau da, A klorofila, pHa, uhertasuna, sakonera eta tenperaturara zehazten dituena.


Lehen urratsak


AquaDat start-upak sortu duen lehen garapena AquaRadar da, sentsore bidezko alerta goiztiarreko neurketa-sistema bat, uraren kalitatea neurtzen duena prozesu industrial batean, instalazioetan sartzen denetik eta ateratzen den arte.


Beraz, tresna horrek uraren zikloko puntu kritiko guztiak neurtzen ditu –isurketak, ibilguak eta ur-masak denbora errealean monitorizatuz–.
Azkenik, eskuratzen duen informazioarekin, bermatu egiten du ura kalitatezkoa dela eta araudi guztiak betetzen dituela, eta, horrekin batera, kudeaketa hobetzeko moduak proposatzen ditu.

Konpainiak itsas hondoak neur­tzeko diseinatutako tresna berritzaileak ikusgarritasuna urrezko aukera bihurtu zuen. Inbertitzaileen arreta bereganatu zuen, eta gaur egun Massachusettseko Teknologia Institutuarekin (MIT) eskuz esku lan egiten du, bere sektoreko enpresa berritzaileenetako bat baita, 60 herrialdetan baino gehiagotan eragina izango duen proiektu batean.


Arrakasta kasuetan gertatu ohi den bezala, osagai anekdotikoa presente egon zen hastapenetan. “Dena lagun joko moduko bat bezala hasi zen”, gogoratzen du Jose Antonio Borge, Aquadateko kudeatzaile ohiak. Eta ez zaio arrazoirik falta, errua surfarekiko zuen pasioak izan zuelako. Lagun batekin batera, egun batean burutik pasatu zitzaion tauletan integratutako sistema bat sortzea, “saioetako datuak beregana­tzeko”. Informazioa –Azaleraren baldintzak, gazitasuna, tenperatura eta sakonera bezalako aldagaiak biltzen zituena– denbora errealean parteka liteke kirolzale sare handi baten artean, “Olatuak hartzera joateko hondartza aproposa aurkitzeko”. Horregatik, hasiera batean DataSurfHouse izenpean forma hartu zuen enpresak.


Estrategia aldaketa

2016ko urtarrilean, San Fran­tziskora bidaiatu zuen, merkatua baliozkotzeko asmoz. Aholkuei kasu egin eta estrategiaz alda­tzeari ekin zioten. Erakarri beharreko bezeroa ez lirateke surflariak izango, “Urarekin zerikusia duen guztiari buruzko informazioa (ibaiak, urtegiak, ozeanoak) lortuko lukeen plataforma adimendun bat” izateko interesa duten enpresak baizik. “Hardwarea eta softwarea uztartzen ditugu datuak biltzeko eta irudikatzeko”.