Zoragarria da Macacok amari eskaini dion abestia. Macacok, tartean, amarekin kantatzen duen abestia.

Macacoren ama zein zen ez nekien. Ez eta izenez ere. Maria Teresa Heras deitzen dela jakin ahal izan dut, bikoizketak egiten zituen aktoresa ezaguna lanbidez. Hala ere, konturatzen ez nor zen.

PUBLICIDAD

Alzheimerra omen du eta, semeak, gaisotasunari ikusgarritasuna emateko, kantua egin dio amari. Ez horretarako bakarrik. Baizik eta kantuaren egile eskubideekin jasotzen den dirua Alzheimerraren ikerketarako bideratzeko.

Abestiaren titulua La memoria del corazón da. Bihotzaren memoria. Eta nire lehenbiziko taupada, Alzheimerra duen amari nola kantatzen ote zaion galdetzea izan da. Eta jarri dut kantua. Abestiaren letrak argi dio, kantua dela (edo kantuaren zatiak) Gaixotasun Jaunak eramango ez diguna. Kantuarekin gordetzen dugula memoria.

Eta kantuaren erdian, batbatean, sartu da Maria Teresaren ahotsa. Eta beste leku batera eraman nau bere tinbreak. Ezagutzen dut. Noski ezagutzen dudala ahots hori. Hozkirria gorputz osoan. Gogoratu dut Julie Andrews. Gogoratu ditut Julie Andrews-en filma ezberdinak. Bere ahotsa (bikoiztuta) eta ni nire amarekin kantuan.

Nire amak ez zuen ahots ona. Eta letrak ez zituen buruan gordetzen. Leloa bakarrik. Gainontzekoa, beraz, la-la-latu egiten zuen. Baina aurpegia zimurtzen zuen. Julie Andrews balitz bezala. Bere bihotz osoa kausari, momentuari, oparitu nahi izango balio lez. Eta momentu hura niri oparitzen zidala sentitzen nuen. Opari bat zen.

Zorteko da Macaco. Bere bizitzaz gogoratzen ez den amarekin kantatu ahal izan duelako. Kantatu bitartean, amarekin bat egiteko aukera izan duelako. Kantatu bitartean, amak bere bizitza berreskuratu duelako. Keinu honek ez dio ama osatuko. Baina amaren memoriaren zati bat hilezkor bihurtuko du. Beraientzat izanen da. Baita guretzat ere. Kantuak horixe baitarkigu. Bizitako unea behin eta berriro errepikatzeko gonbitea. Pertsonak, ziren hartan berreskuratzeko ilusioa. Bihotza eskuan.

Ederra, benetan, Macacoren Bihotzaren Memoria