Lehendakaritzaren 2025erako aurrekontuaren erdia baino gehiago (% 58,3) Lankidetza eta Elkartasunerako Euskal Agentziara bideratuko da, eta 55,7 milioi euro izango ditu.
Mikel Iriondo Koordinazioko eta Gizarte Komunikazioko idazkari nagusiak astelehen honetan aurkeztu du, Legebiltzarreko batzordean, Lehendakaritza Sailaren hurrengo ekitaldirako aurrekontu-proiektua, 95,5 milioi eurokoa, 2024an baino % 3,7 gehiago.
7,9 milioi Emakunderentzat
Sail honen berritasunetako bat da Emakunderen berdintasun-politikak bere gain hartuko dituela, aurreko legegintzaldian Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren mende baitzegoen. 2025ean, Emakumearen Euskal Erakundeak ia 7,9 milioi euroko partida izango du.
Lehendakaritzako arduradunek azaldu dutenez, antolaketa-egitura berritu da 5 helbururi erantzuteko: zeharkako proiektu eta politika publikoen koordinazioa eta trakzioa optimizatzea, kanpo-harremanen estrategia indartzea, herritarrekin harremanak izateko moduak aldatzea eta gizarte-berrikuntza sustatzea, etorkizuneko Euskadi diseinatzeko eskumenak garatzea eta berdintasun-politikak bultzatzea Emakunderen bitartez.
Kanpo Harremanak
Kanpo Harremanetarako Idazkaritzak 13,3 milioiko aurrekontua izango du, Koordinaziorako eta Proiektu Estrategikoetarako Idazkaritzak 9,5 milioikoa eta Komunikazio eta Berrikuntza Sozialerako Idazkaritzak 9 milioi pasatxokoa.