RENFEko administrazio kontseiluak Alstom multinazional frantziarrari (Bombardier kanadarraren jabe berria) eta Stadler suitzarrari 2.445 milioi euroko kapazitate handiko aldiriko 211 tren berri ematea onartu du. Erabakiaren arabera, CAF euskal konpainiak kontratua galdu du joan den urrian, arrazoi teknikoengatik, bere eskaintza alde batera utzi ostean.

Atzerriko enpresen bi eskaintzak onartzea zalantzan jarri zuen bere garaian Senatuko Euskal Taldeak, eta “prozedura negoziatuaren bidez ebatzi den lehiaketa bati dagokion bezala” argibide-fase bat antolatu ez izana gaitzetsi zuen. “Ez da akats tekniko hori argitzeko edo justifikatzeko aukerarik izan”, adierazi zuen Mertxe Garmendia senatariak.

Kontratua kanpoko bi enpresentzat den arren, ez da ahaztu behar lantegi garrantzitsuak dituztela Espainiako Estatuan (Alstomek Bartzelonan du lanetgia, eta Stadlerrek, Valentzian). Gainera, Frantziako konpainiak urtarrilean itxi zuen Bombardierren erosketa, 4.400 milioi euroren truke, eta orain Trapagarango (Bizkaia) Bombardier lantegiaren jabea da. 

RENFEren kontratuari dagokionez, 211 trenetatik Alstomek 100 metroko luzera eta 1.447 milioi euroko 152 konboi egingo ditu, aurrekontu lizitatuaren % 15eko deskontuarekin. Bestalde, Stadlerrek luzera bereko beste 24 tren eraikiko ditu, baita 200 metroko beste 35 tren ere, 998 milioi euroren truke eta % 1,7ko deskontua. Bi kontratu horien barruan sartzen dira, halaber, parkeko piezak, ordezko piezen hasierako biltegia eta mantentze-lana 15 urtez.