Elena

Igelak

2024 urteko azken txanpa bideratzen ari gara. Mundua nola dagoen ikusita, ez du axola norantz zabaltzen dugun begirada, aurrean dugun hilabete t’erdian edozer gauza gerta daiteke. Izan ere, gertatzen ari dira jada nahiz eta, nahita edo inkontzienteki, ez diegun arretarik jartzen. Jarrera horrek, Oliver Clerc filosofo suitzarraren igel egosiaren ipuina gogorarazten dit, metafora ezin hobea: igel bat ur irakinetan botatzen bada, lapikotik kanpo jauzi egingo du berehala, bizirik irauteko sena hutsaz; baina poliki-poliki berotzen joaten dagoen uratan jartzen badugu, ez du arriskua hautemango, egosketaren tenperaturara ohituko da eta, azkenean, irakita hil egingo da. Tira, ipuinondo borobila. Dena den, utz dezagun igela alde batera oraingoz gure ingurura begiratu ahal izateko: klima-aldaketa eta haren negazionistak, Ukrainako gerra, Palestinakoa, munduan zehar bizirik mantentzen diren beste gatazkak, ahazturik, isildurik, armamentu-industriaren boterea, migrazio-krisiak, gosetea, egiturazko desberdinkeria eta pobrezia, eskrupulorik gabeko mila-milioidunak politikagintzan, XXI. mendeko genozidak, gizateriaren aurkako kriminaleak… Eta, horren guztiaren erdian, etengabe berrasmatzen den antipolitika: Trump, AEBko hauteskundeetan suntsitzen, botere absolutu eta erabateko kontrolik ezaren sinonimoa; Europa bere ahultasuna disimulatzen, barne-borroketan murgildurik non, behar izanez gero, populismoekin eta eskuin muturrarekin jolasten dan boterea eskuratzeko; eta dana osteko Espainia, non biktimak eta kaltetuak desagertu egiten diren arduradun politikoen lehentasuna beren interesa edo biziraupena izatera igarotzen denean. Eta gu eskandalizatzen egiten gara, bai. Eta irakiten dagoen lapikotik salto egiten dugu, horrela salbu gaudela pentsatuz, inozoak…

Eta benetan garena poliki-poliki egosten joatea normaltzat hartzen duen igela bada? Are okerrago, eta lapikoa nahita berotzen dutenak politikariak badira, beren buruari hiritarren ordezkariak esaten dioten horiek? Distopia ala errealitatea?