SDA Factory, garai bateko Ufesa faktoria, Gasteizen sortu zen 1977an, eta lurrun-xaflak eta plantxa-zentroak diseinatzen ditu hasieratik. Orain, I+G+b zentroak koronabirusaren aurkako plantxa modeloa garatu berri du, jantziren baten harien artean egon daitekeen birusaren edozein hondar erabat ezabatzea ahalbidetzen duena. Castresanarekin SDA Factory-ri eta merkaturatutako tresna berriari buruz hitz egin dugu elkarrizketa honetan

Nolakoak izan ziren SDA Factoryren hastapenak?

Hasieratik, konpainia lurrun-xaflen eta lisatze-zentroen diseinuarekin eta ekoizpenarekin lotuta egon da. Izan ere, Estatuan, hemen fabrikatzen duen enpresa bakarra gara. Berrikuntza saila ezaguna eta nazioartean ospe handikoa izateak eta ekoizten ditugun kalitate estandar altuek lehen markek SDA Factoryrengan konfiantza izatea eragin dute, gure markak fabrikatzen jarraitzeaz gain: UFESA, Di4 edo Zelmer. Gure instalaziotik plantxak eta plantxa-zentroak ateratzen dira nagusiki, baina malgua da eta balio erantsi handiko beste etxetresna elektriko txiki batzuen ekoizpena har dezake.

SDA Factory konpainia 1977tik ari da kontsumitzaileen bizitza errazten, bere etxetresna elektrikoei esker. Nola lortzen da garai berrietara egokitzea?

Egokitzeko dugun modua etengabe berritzea da, tresna fidagarriak eta kalitatezkoak diseinatu eta sortuta. Horrela, gure arrakastaren gakoa da SDA Factory osatzen duten profesionalekiko ardura, beti erne egotea eta aldaketa erosotasun-eremu bihurtzea.

SDA Factoryren produktuak nazioartean aurki daitezke. Zer presentzia du enpresak gure mugetatik kanpo?

Europa da gure ekoizpenaren helmuga nagusia. Hain zuzen ere, gure salmenten %80 Alemania, Britainia Handia, Italia, Turkia eta antzeko herrialdeei zuzenduta daude, eta, gainerakoa, etxeko merkatuari.

SDA Factory teknologiaren abangoardian egon da beti, 100 patente baino gehiago dituen I+G+b zentro bat baitu. Inbertsio handia egiten duzue I+G+b arloan?

Gure kasuan, gure DNAren zati bat da baliabideetan eta pertsonengan inbertitzea. Atal honetan bakarrik, kualifikazio altuko 30 profesionaleko talde bat daukagu. Izan ere, gaur egun, berritzea ez da garrantzitsua; beharrezkoa da. Enpresa osatzen duten pertsonak dira berrikuntza hori lortzeko osagai nagusia. Helburuak ondo zehaztu behar dira, eta, ondoren, pertsonek euren talentua eta motibazioa askatu behar dituzte, gutako edozeinek gure etxeetan etxetresna elektriko txiki batekin konpon genitzakeen beharrei erantzun ahal izateko.

Koronabirusaren aurkako plantxa berri bat sortu duzue, ehunen birusaren edozein aztarna erabat ezabatzea bermatzen duena. Zeintzuk dira produktu honen ezaugarriak?

COVID-19aren aurka jarduteko bi patente dituen programa bat garatzea lortu dugu. Lehenengoak merkatuko beste edozein xafla baino tenperatura-tarte handiagoa lortzen du edozein ehun lisatzeko, eta bigarrenak lurrun-eiekzio bat ematen du pultsuka, tenperatura transferitzeko abiadura handiagoa eta edozein ehunetara modu homogeneoan transferitzeko tenperatura handiagoa lortzen duena. Bi patenteak elkartzeak egungo birusaren aurkako borroka eraginkorra ahalbidetzen du, baita gure jantzietan egon daitekeen edozein birus eta bakterioren aurkakoa ere. Beraz, funtsean, plantxa berri horrek lasaitasuna emango die pertsonei, Healthy programarekin ziur jakingo baitute beren bigarren azala, arropa, erabat higienizatuta dagoela. Horren emaitza Nafarroako Unibertsitateak eta EURECAT Kataluniako Teknologia Zentroak aztertu dute, eta hori bermea eta balio erantsia da berez, kanpoko laborategiak eta independenteak direlako.

Zein da fabrikazioaren aurreikuspena? Eskaera handia izaten ari da? Zer kontsumitzaile mota jarri da harremanetan konpainiarekin?

Fabrikazioaren aurreikuspena baino gehiago, Healthy programa hornitzen duten Di4 plantxen eta plantxa-zentroen fabrikazioa errealitate bihurtu da. Gainera, ikusmin handia sortu du, premia larri bati irtenbidea ematen diolako. Hori horrela, konpainiarekin harremanetan jarri dira banaketa-kanal handiak (El Corte Inglés, Carrefour, Mediamarkt, etab.), bai eta ehungintza-saltoki txikiak ere, eta, jakina, arroparen higienearekin oso kontzientziatuta dauden partikularrak.

Zer helburu lortu nahi dituzue koronabirusaren aurkako plantxaren fabrikazioarekin?

Helburu nagusia da pertsonen osasuna zaintzen laguntzea, gure gorputza estaltzeko erabiltzen ditugun ehunak higienizatzeak duen garrantziaz jabetzea, eta lisatzeko soluzio bakar horrekin arropari arriskua kentzea zein erraza den ohartaraztea. SARS-CoV-2 ez ezik, edozein birus eta bakterio ere prebenitzeko eta minimizatzeko beste tresna bat da. Arroparen higienizazioa, gorputzarena bezala, oso gogoan izan behar dugu.

Nola ikusten duzu SDA Factoryren etorkizuna epe ertain-luzera?

Une honetan, eta industria-munduko gainerako enpresek bezala, etorkizuna epe laburrera ikusten dugu, munduko merkatuaren egoerak ez baitu beste aukerarik ematen. Gure autonomiak eta beste merkatu batzuekiko independentziak gure ekoizpen-erritmoari eustea eragiten dute, nahiz eta jakin ezinbesteko arrazoiek alda dezaketela. Konpainian planteatzen diren erronkak dira berritzen jarraitzea, gauzak errazagoak eta erosoagoak egiteaz gain, pertsonen osasuna zaintzen lagunduko duten produktuak diseinatzen jarraitzea, eta, gainera, ingurumenarekiko errespetu handiagoa izatea.

Egilea Admin