Adierazpen berritua
Euskara euskal lurraldeetako tokiko eta berezko hizkuntza da. Baina historian zehar, euskara baztertua eta debekatua izan da. 1937ko maiatzaren 29an, agintari frankistek euskarak bizi izan duen jazarpen garai gogorrenetako bati eman zioten hasiera. Eta transmisioaren etetea eta etxe barneko euskararen erabilera zeharo murriztea ekarri zuen. Gerra Zibila bukatu eta hamarkada batera, ostera, urrats garrantzitsu bat eman zen: Eusko Ikaskuntzak, 1948an, Biarritzen antolatu zuen VII. Kongresuan, Euskararen Nazioarteko Eguna aldarrikatu zuen, euskararen unibertsaltasuna munduari ezagutzera emateko.
Aurrerantzean, Euskararen Eguna euskaldun gisa autoafirmatzeko eguna izango zen; euskaraz aritzen zen komunitate bat zegoela munduari esateko; eta euskara maite zutenei euskararen biziberritzearen alde lan egiteko eskatzeko.
Aurten, beraz, Euskararen Eguna ospatzen hasi gineneko 75. urteurrena gogoratuko dugu, azaroaren 26an, Baionako Herriko Etxean.
75 urte pasatu dira aldarrikapen hartatik. Eta 75 urte hauetan ikasi dugu, euskarak, herritarron arteko saretze-lana egiten duela; partekatzen dugun hizkuntzak, muga geopolitikoak ezabatzen dituela, eta herritarrok gaituela biltzen. Ikasi dugu, baita ere, euskal gizartearen nortasun ikurra dela euskara, herriaren berezko izanaren berezitasun behinena, euskaldun oro ukitzen eta zipriztintzen gaituena.
75 urte ondoren, Eusko Ikaskuntzak Euskararen eguneko adierazpena berrituko du eta ozen adieraziko: 1) Euskararen Eguna euskal herritarren ospakizunerako eguna izan dadin aldarrikatzen dugula. 2) Euskararen Egunak euskaldun izateko eta bizitzeko nahia ager dezala. 3) Euskara izan dadila gure gizartearen kohesiorako elementua, eta, bereziki, 4) komunitate honen parte izango diren kide berri guztien harrera hizkuntza.
Duela 75 urte bezala, oraingoan ere badakigu, munduko euskaldun guztiek entzunen dutela Eusko Ikaskuntzaren deia eta gonbidapena. Bidea elkarrekin egitekoa. Izan ere, lehen, orain eta gero, elkartzen gaituena baikara.