Koronabirusaren pandemiak euskal ekonomian izan zuen lehen ondorioetako bat hornigaien mozketa zorrotza izan zen. Txinako lantegiek ekoizpena eten zuten, eta horrek hemen fabrikatzen jarraitzea eragotzi zuen. Egoera berri eta ezezagun honek agerian utzi zuen euskal enpresek atzerriko hornitzaileengan duten menpekotasuna. Esperientzia hori baliagarria izan daiteke COVID-19aren osteko hornikuntza-kateek nolakoak izan behar duten hausnartzeko. LKSko bazkide aholkulari Jose Luis Garayk eskaini ditu gakoetako batzuk

Zein dira koronabirusaren pandemiak hornidura-katean eragin zituen ondorio nagusiak?

Txinan COVID-19a agertu zenean, munduko bigarren ekonomiaren eta hornitzaile global nagusiaren jarduera gelditzen ikusi genuen, eta konturatu ginen orain arte diseinatutako hornidura-egitura askoren hauskortasuna nolakoa zen. Txinan ekoizpena bat-batean gelditu izanak hango osagaiak behar zituzten enpresa askori eragin die. Halaber, beste kasu batzuetan, hornikuntza baldintzatuta egon da, hornitzaile zuzenen edo hornikuntza-egiturako beste maila batzuen ekoizpena Txinatik ekarritako produktuen mende dagoelako, neurri batean. Bestalde, COVID-19aren hedapena modu banatuan gertatu da Txinaren eta hark hornitzen dituen merkatuen artean, eta, beraz, han fabrikak irekitzen ziren bitartean, Europan eta AEBetan zituen bezeroenak ixten ziren. Jarduera-sektoreei modu desberdinean eragin die. Elikadurarekin, osasunarekin eta telekomunikazioekin lotutako industriek gora egin dute beren eragiketetan; beste batzuek, berriz, behera egin dute, automobilgintzan, ostalaritzan eta ekipamendu-ondasunetan, besteak beste. Orain, zuzendaritza-taldeak egoera jakin batean daude, eta beharrezkoa da eskari ezak eragiten dituen kezkak alde batera utzi gabe, dena “normaltasunera” itzultzen denerako gertu egotea.

Euskal enpresek hasiak zituzten eredu horri buruzko hausnarketa-prozesuak, edo ustekabean hartu al zituen?

Azkenaldian, hornikuntza-katearen egonkortasunaren aurkako mehatxuak igartzen ziren. Azken hamarkadan, hornidura-sareen portaera baldintzatu duten hainbat gertakari geopolitiko, hondamendi natural eta osasun publikoko krisi izan ditugu. Horri gehitu behar zaizkio erosketa-baldintzak aldatzea, lan-kostuak handitzea (Txinaren kasuan bezala), muga-zergak… Enpresek era askotako egoerei eman diete erantzuna, jarrera erreaktiboa hartzen dutenetatik hasi eta arriskuak kudeatzeko programak abian jarri dituztenetaraino, hornidura-katearen aldaketek eragindako ondorioei aurrea hartzen saiatzen direnetaraino. Hala ere, pandemiaren ondorioen dimentsioak ustekabeko agertoki batean jartzen gaitu. Oso enpresa gutxi zeuden inpaktu honi aurre egiteko prest.

Produktu batzuetan, hala nola maskaretan, Euskadik ekoizpen propioarekin erreakzionatu zuen. Modu egokian egin da, edo beharrezkoa al da estrategia global bat definitzea?

Argi dago oso proiektu garrantzitsuak direla, eta gure enpresen erreakzio- eta ekimen-gaitasuna berretsi besterik ez dute egiten. Euskadin, espiritu ekintzailea presente egon da beti, baina, bereziki une honetan, ideia berriak sortzeko eta praktikan jartzeko gaitasuna indartu behar da, etorkizunean gerta daitezkeen disrupzio berrien ondorioz sor daitezkeen inpaktuetatik independenteago bihurtzeko.

Zer ezaugarri izan behar ditu etorkizuneko hornidura-kateak?

Hornikuntza-kateak finkatzeak eta etorkizuneko asalduren aurrean horiek babesteak erronka jartzen die konpainietako buruei, efizientziaren eta fidagarritasunaren arteko oreka berri bat eraikitzeko. Jakina, pentsamendu horren hurbilketa-maila desberdinak egongo dira, enpresa bakoitzak hain distantzia luzeetatik datorren hornidurarekiko duen esposizio-mailaren arabera. Analisiak ez dakar aurrez pentsatutako ideiarik; hala, kasu askotan, aipatutako merkatuetatik hornitzen jarraitu beharko dugu, baina aukera izan behar du agertoki berria kudeatzeko hainbat aukera edo modu baloratzeko. Honela, arriskuak eraginkortasunez kudeatzen lagunduko diguten hainbat estrategia aktibatu behar ditugu; besteak beste, zenbait hornikuntza eskualdekatzea, kudeaketa- eta iragarpen-teknologia txertatzea eta prozesuak doitzea, balioa ematen duten jarduerak indartzeko. Hori guztia, ingurumena zaintzeak dakartzan erronkei emandako erantzuna eta urruntze sozialari erantzuteko ezarri diren lan egiteko modu berriak ahaztu gabe. Urruntze hori gaur egungo pandemiak ezarri du, baina, etorkizunean, harremanak izateko moduak aldatuko dira, ziur asko.

Enpresak prest al daude estrategia horiek ezartzeko?

Orokortzea engainagarria da beti, baina esan genezake enpresek oraindik bide luzea dutela egiteko etorkizunean etor dakigukeenaren aurrean behar bezala egituratutako kudeaketa-sistematika bat izateko. Bestalde, ziurtasun osoz esan genezake enpresek badituztela hizpide dugun berrikuspenari ekiteko eta beren hornidura-katerako planteamendu berriak egiteko gaitasuna duten pertsonak. Hala ere, egituren barruan baliabiderik ez dagoenez, hau da, gauza asko egiten pertsona gutxi daudenez, eta lehentasunak behar bezain argiak ez direnez, horrelako erronkei ez zaie behar bezalako erantzunik ematen.

Zer eragin izango dute hornidura-kate berriek enpresa baten jardueran? Hornidura-kateari lotutako estrategia berriek hainbat agertoki ekar ditzakete beraiekin, horniduraren eskualdekatzea areagotu baitezakete. Hornidura Europa Ekialdeko herrialdeetara edo tokiko hornitzaileetara hurbiltzea baloratu beharreko joera izan beharko litzateke. Halabadagokio, erosketa-kostu hutsaren itxurazko igoera baloratu, beraz. Itxurazko diot, kostuen konparazio bat egin beharko litzatekeelako, kontzeptu guztiak barnehartuta: stocka, aurreikuspenetan asmatutako maila, biltegiratzea, erantzun-denborak, kalitatea, garraioa, muga-zergak, etab. Bestalde, industria hurbilena indartuko litzateke (eratorritako alderdi positiboekin) eta malgutasuna eta erantzuteko gaitasuna irabaziko lirateke.

Egilea Admin