Francisco Javier Azpiazu CEBEK Bizkaiko Enpresarien Konfederazioko idazkari nagusia da 1992. urteaz geroztik. Durangon jaiotako abokatu eta ekonomialari bizkaitar honen aburuz, izurritea kontrolatu ezean, ez da susperraldi ekonomikorik izango. Era berean, ABEEak berritzearen aldekoa da, baina denboran gehiegi luzatu gabe, eta uste du gobernuak, enpresek eta sindikatuek elkarrekin lan egin behar dutela susperraldi ekonomikorako bidean
Nola baloratzen du Cebekek egungo egoera ekonomikoa?
Asko kezkatzen gaitu Bizkaiko egoera ekonomikoak. Cebeken zein Confebasken uste genuen ekaina, uztaila eta abuztua ekonomiaren eta enpresen susperraldia ahalbidetuko zuten hilabeteak izango zirela, eta gure enpresei urteko azken lauhilekoari aurre egiteko posizio hobea ahalbidetuko ziela. Baina uztaileko eta abuztuko agerraldiek nabarmen moteldu dute hobekuntza hori, eta kezka handia sortu digute.
Hala ere, azken datuen arabera, esportazioek, ekoizpenak eta kontsumoak hobera egin dute.
Egia da hirugarren hiruhileko honetan aurreko hiruhilekoaren egoerarekin alderatuta gora egin dugula, eta %12, %13 edo %14ko hazkundea izan da. Dena dela, hiruhileko asko beharko ditugu pandemiaren aurreko egoeraren antzekoa lortzeko.
Izurritearen agerraldiek ekonomiaren susperraldia geldiarazten dutela dirudi.
Azken asteetako agerraldiek duten eraginak asko kezkatzen gaitu. Pandemiaren kontrolik ez badago, ekonomia ez dela suspertuko uste dugu. Funtsezkoa da hori denoi argi eta garbi uztea. Agerraldiak kontrolatzeko eta kutsatuak eta ospitaleetako presioa jaisteko gai bagara, jarduera berreskuratu, eta hazkunde-balioetan sartu ahal izango gara, horiek baitira orain gehien behar ditugunak. Lehentasunezkoa izan behar da birusa kontrolatzea, kutsatzeak minimizatzea eta ekonomia aktibatzea; izan ere, pandemiaren kontrolik gabe, ekonomiaren suspertzea nahi genukeena baino askoz ahulagoa izango da.
Alabaina, agerraldi guztiak arakatzeak, kontaktu hutsa bilatzeak edo egiten diren milaka PCR probak bilatzeak kostu ekonomiko oso handia dute.
Agerraldi horiek kontrolatzeko kostuak askoz txikiagoak izango dira jarduera ekonomikoa moteltzeak edo pandemiaren kontrolik ezak eragindako konfinamenduak eragin ditzakeen kostuak baino. Egoera hori berriro ez gertatzea espero dut, herritar guztientzat oso kaltegarria izango litzatekeelako. Asko dugu jokoan agerraldien eta pandemiaren kontrolarekin; oso zaila izango da iraungo duen susperraldi ekonomikoa, iraunkorra, baldin eta ez bagara gai pandemiaren egoerari eta pandemiaren eraginpean dauden pertsonei erantzuna emateko. Birusa ahalik eta gutxien transmititu behar da, eta kontrolpean eduki. Ekonomiaren suspertzeak eta enpleguaren etorkizun ekonomikoak zerikusi handia dute pandemia kontrolatzeko gai izatearekin.
Zure ustez, zer neurri hartu behar dira Euskadi aurrera ateratzeko?
Nire ustez, herrialde-akordio handi bat behar dugu, denok batzeko gai izango dena: enpresariak, erakunde publikoak eta sindikatuak. Hala, herrialde honek behar dituen lehentasunak ezarri behar ditugu, azken hilabeteotan bizi izan dugun egoera lazgarri honetatik indarberrituta ateratzeko, garrantzitsua izango baita enpresen, langileen eta, oro har, gizartearen etorkizuna bermatzeko. Enpresariak garen aldetik, krisitik ateratzeko konpromisoa hartzeko, hitz egiteko eta adostasunera iristeko prest gaude: itunetik, akordiotik eta adostasunetik irtenbide azkarra, ordenatua eta etorkizunerako ikuspegiduna sortuko da, azken hilabeteetan bizi dugun eta guztiontzat benetan gogorra den egoera bati aurre egiteko. Bizpahiru urte beharko ditugu pandemiaren hasierako egoerara itzultzeko, eta ez dugu ezkutatu behar urte zailak datozkigula.
Zein izan da pandemiaren eragina euskal enpresetan?
Pandemiak EAEko enpresa-sektorean izan dituen ondorioak nahiko desberdinak izan dira, eta modu ezberdinean eragin die batzuei eta besteei. Ez dugu ahaztu behar krisia hasi zenetik 30.000 langabe gehiago daudela Euskadin, baina itxaropena ere ez dugu galdu behar, pandemiaren hasieran ABEEan sartu ziren hamar langiletik zortzi lanean ari baitira une honetan.
Zer gertatuko da ABEEen bigarren luzapenaren negoziazioarekin?
ABEEa oso figura baliagarria eta garrantzitsua izan da, krisi-une jakinetarako beharrezkoa, baina ondorioak ez dira hain positiboak egoera luzatzen denean. Gure ustez, une honetan garaia da ABEE bakoitza kasuz kasu, sektorez sektore aztertzeko. Lehentasuna enpresak eta enplegua salbatzea izan behar da, baina argi eta garbi ezarri behar dira ABEEak amaitzeko eta enpleguak eta enpresen bideragarritasuna denboran zehar defendatzeko aukera emango duen beste figura edo egoera baten arteko jauzi-mekanismo horiek. ABEEak denbora jakin batez luzatu behar dira, hiru hilean behin epea berritzeko presioarekin ez egoteko. Enpresek ziurtasuna, segurtasuna eta eszenatoki ezagunak eta aurreikusteko modukoak behar ditugu; beraz, gobernu, sindikatu eta enpresaburuen arteko ABEEei buruzko negoziazioetatik argi eta garbi atera behar da ABEEen luzapen bat denbora jakin baterako, eta, ziurrenik, luzerako.
Espainiako egungo gobernuaren kide batek 2010eko eta 2012ko lan-erreformak indargabetzea proposatu du.
Zentzugabekeria hutsa da hori. Lan-harremanetan zurruntasunak sartzea enpresek gaur egun eskatzen dutenaren aurka doa. Malgutasuna behar dugu egoera larri honetatik atera ahal izateko; bestela, enpresa askok itxi egingo dute, enplegua suntsituz.
Enpresen presio fiskala handitzea ere proposatu da.
Krisia ez da konponduko presio fiskala areagotuz, zor gehiagorekin baizik, eta hori da erakunde publikoak egiten ari direna. Ez da unea, eta momentu honetan kaltegarria izango litzateke enpresentzat.
Zer deritzozu osatu berri den Eusko Jaurlaritzari?
Ziur nago euskal erakundeek enpresentzat eta horiek ordezkatzen ditugunontzat hurbilekoak izaten jarraituko dutela. Gobernu berriak bi helburu nagusi ezarri ditu: pandemiaren kontrolari erantzun azkarra ematea eta ekonomia suspertzea.