Euskadik gaur gauzatuko du Renferen aldiriko zerbitzuen kudeaketaren transferentzia

Susana García Chueca Mugikortasun Iraunkorreko sailburuak subrogazio-akordioa sinatuko du gaur José Antonio Santano Garraioetako eta Mugikortasun Iraunkorreko estatu-idazkariarekin eta Raül Blanco Renfeko presidentearekin. Akordio horren bidez, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko du Renferen aldirietako zerbitzuen kudeaketa, orain arte Estatuaren eskumena izan dena, eta transferentzia gauzatuko da.

Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak joan den martxoaren 11n sinatu zuten, Transferentzien Batzorde Mistoaren barruan, tren-aldirien zerbitzuari buruzko eskumenak Euskadira transferitzea, atzerriko unibertsitate-tituluak homologatzea eta errefuxiatuak hartzea, ondoren Gobernu Kontseiluak dagozkion dekretuak onar ditzan.

Aldiriko trenen eskualdatzearen ondorioz, Euskadik kudeatuko ditu Bizkaian eta Gipuzkoan dauden aldiriko trenen zerbitzuak. EAEk bere gain hartzen ditu transferitutako zerbitzuak arautzea, planifikatzea, kudeatzea, koordinatzea eta ikuskatzea, bai eta horien gaineko tarifa-ahalmena, ordutegiak eta maiztasunak ere.

Eskualdaketak Bizkaiko aldiriko zerbitzuak hartzen ditu barne (Bilbao Abando-Barakaldo-Santurtzi; Bilbao Abando-Barakaldo-Muskiz; Bilbao Abando-Laudio-Urduña; eta Bilbo-Balmaseda). Gipuzkoako aldirietako zerbitzua ere transferitzen da: Irun-Donostia-Tolosa-Brinkola.

Gainera, EAEk aldiriko zerbitzu berriak deklaratzeko aukera izango du Araban, Araia eta Gasteiz artean eta Gasteiz eta Manzanos Erribera Beitia artean. Araban aldiriko zerbitzuak egungo trenbidearen gainean ezarriko lirateke, eta horrek lotura hobeak ahalbidetuko lituzke Arabako Lautadan eta Añanako Kuadrillan. Bilbo eta Karrantza lotzen dituena ere aldiriko zerbitzu izendatu ahal izango da.

Aldiriko trenak transferitzeko akordioaren arabera, Euskadi Estatuaren posizioan subrogatuko da Renfe Viajeros operadorearekin duen kontratuan, hori baita eskualdatzen diren aldiriko zerbitzuen enpresa operadorea. Oraingo kontratua 2027ko abenduan amaitzen da; hau da, Renfek jarraituko du zerbitzuak ematen, hasiera batean behintzat, gaur egungo baldintza berberetan, nahiz eta akordioak berritu beharreko material ibiltariaren katalogoa eta kronograma jasotzen dituen.

Transferentziaren balorazio ekonomikoa egiteko, Ekonomia Itunaren metodologia erabili da; horrela, kupoan deskontatu beharreko zenbatekoa 92,7 milioi eurokoa izango litzateke.

Balorazio ekonomiko horrekin, Euskadik konpentsatuko dio Renferi aldiriko zerbitzuak eskaintzearen ondoriozko defizita, zerbitzu publikoko betebeharrei lotutako zerbitzuak baitira.

Akordioak, halaber, ADIFen azpiegituretan inbertitzeko plan bat abian jartzea jasotzen du, gabeziei aurre egiteko eta aldiriko zerbitzuen eskaintzan eragina duten azpiegitura batzuen egoera hobetzeko. Kalkuluen arabera, ehun jarduera inguru egingo dira, 400 milioi euro inguruko balioarekin.

Euskadiko aldirietako zerbitzuak Eusko Jaurlaritzari transferitzeko sinadura 16:00etan egingo da, Bilboko Abando-Indalecio Prieto geltokiko aldirietako nasetan.