Euskal AEko industri produkzioa, urrian, aurreko urteko hil berean baino % 3,3 txikiagoa izan da; beraz, aurtengo beheranzko joera berretsi da, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak landutako datuen arabera.
Aurreko hilabetearen (iraila) aldean, Euskal AEko industri jarduerak % 2,9 egin du behera azken hilabetean.
Izan ere, urtarrilean (+ % 1,3), martxoan (+ % 2), ekainean (+ % 0,5), uztailean (+ % 0,1) eta abuztuan (+ % 0,1) erregistratutako urte arteko igoera apalek behera egin dute otsailean (- % 1), apirilean (- % 1,4), maiatzean (- % 1), irailean (- % 0,4) eta urrian (- % 3,3).
Beherakada lurralde guztietan
Urriko urte arteko bilakaera negatiboa izan da hiru lurraldeetan: Bizkaian produkzioa % 3,6 jaitsi da, eta Araban eta Gipuzkoan % 3,2.
Ibilgailu motordunen fabrikazioa, tren-makinen eta trenbide-materialen eraikuntza eta aeronautika edo ontzigintza barne hartzen dituen ekipo-ondasunen produkzioa % 1,7 murriztu da aurreko urteko urriaren aldean.
Bitarteko ondasunetan, metalurgia eta metalezko produktuen fabrikazioa, industria kimikoa eta kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioa barne, produkzioa % 2,1 jaitsi da.
Azkenik, energiaren produkzioa % 4,9 jaitsi da 2024ko urrian, aurreko urteko hil beraren aldean. Sektore honetan sartzen dira energia elektrikoaren ekoizpena eta hornidura eta petrolioa fintzea. Sektoreka, 2024ko urrian urte arteko jaitsierarik handiena izan dutenak Garraio-materiala (% 9,1) eta Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 8,1) izan dira.
Aitzitik, produkzioaren urte arteko hazkundeak Makineria eta ekipoan (% 3,2) eta Material eta ekipo elektrikoan (% 2,5) kontzentratu ziren.
Urteko metatuak ere behera egin du
Urteko lehen hamar hilabeteetako metatuan, Industri Produkzioaren Indizea % 0,5 jaitsi da. Urrira arte metatutako produkzioa % 2,5 jaitsi da kontsumo-ondasunetan, % 1,4 bitarteko ondasunetan eta % 1,2 energian.
Ekipamenduko ondasunek, aldiz, bilakaera positiboa metatu dute, produkzioa % 2,7 igo baita aurreko urteko aldi metatu beraren aldean.
Lurralde historikoka, 2024ko lehenengo hamar hilabeteetako metatua balantze negatiboarekin itxi da Araban eta Bizkaian, produkzioa % 2,0 eta % 1,7 jaitsi baita, hurrenez hurren.
Gipuzkoan, aldiz, produkzioa % 1,5 igo da, aurreko urteko aldi metatu beraren aldean.